Kulturgintzan harreman sarea sortzeko mahai ingurua izango da

Urola Kostako Hitza 2012ko irailaren 21a

Errezilgo Atala Kultur Elkarteak eta Beizamako Irusta elkarteak euren herrietako kulturgintza azalduko dute gaur, Errezilgo Borondegin. Atala Kultur Elkarteak Gipuzkoako zazpi herrietako esperientziak jaso nahi ditu, eta, beraz, Errezilgo eta Beizamako elkarteekin batera izango dira Igeldo, Bidania, Larraul, Alkiza eta Zeraingo ordezkaritzak. Ekimenaren bidez, herri txikien artean harreman sarea sortu nahi dute antolatzaileek: «Kulturan gabiltzanak bakoitza bere erara ibili ohi da. Baina, guztion artean gauza asko ditugu partekatzeko, beraz, egokia litzateke elkarren berrin jakin eta ideiak elkarbanatzea», adierazi du Gorka Tolosak, Atala Kultur Elkarteko kideak. Horretarako, aurrera begira herri txikietako kulturgintza harreman egon dadin, ideiak landuko dituzte, eta gero ondorioak aterako dituzte.  22:00etan izango da mahai ingurua. Harremanak sendotzeaz gain, saioan parte hartuko duten herrien artean truke kulturalak sustatu nahi dituzte antolatzaileek; «Atalan, hainbat alditan gure proiektuak eskaini izan dizkiegu beste elkarteei; hala, ondoren Errezilera etorri izan dira beraien emanaldiak egitera». Horretarako kultur ordezkariek euren egoera azalduko dute; hala nola,  taldearen aurkezpena egin ondoren, horiek duten funtzionamendua, plangintza, finantziazioa, komunikazio modua, harreman sarea eta harreman instituzionalak azalduko dituzte. Kulturgintza, «garatzen» Tolosaren arabera, herri txikietako kulturgintzak ezaugarri propioak izan ohi ditu. «Herri txikietako kulturgintza ez dago egoera txarrean, baina garatzen ari da azken urteetan. Azpiegitura eta talde gehiago ari dira sortzen, eta beraz, hobetzen ari dela uste dut». Halaber, herri txikietan kultura «tokikoagoa» dela azpimarratu du antolatzaileak: «Herri txikietan kultur ekimenak antolatzen dituztenak herritarrak izaten dira normalean; herritik sortzen dira, erakundeetatik egin beharrean». Ezaugarri horietatik abiatuta sortu nahi dute sarea herriek. Horretarako, gainera, herriko hainbat talde ere «bereziki» gonbidatu dituzte saiora. Hala nola, Guraso Taldea, Erniarraitz Bertsozale Elkartea edo herriko talde politikoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide