Erdi Aroko eta Stock azokak, krisiari aurre egin nahian

Nerea Uranga 2012ko ira. 21a, 10:37

Bederatzigarren Erdi Aroko Azoka eta seigarren Stock Azoka antolatu dituzte hilaren 29 eta 30erako Azpeitian. Bertan Merkatarien Elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatu dituzte azokak elkarlanean. Azpeitiko merkatariak krisiaren eragina jasaten ari direla nabarmen eta azokak antolatzeko eskaria eta proposamena egin zioten Azpeitiko Udalari. Hala, beste behin, bi azokak bat eginda antolatzeko erabakia hartu dute. Horrela azaldu du aurkezpenean Iñigo Amiano Bertan Merkatari Elkarteko teknikariak, «merkatariok udalari egindako eskaeraren emaitza da». Azokak «herrigintzako beste ekimen bat gehiago» direla adierazi du  Iñaki Portilla zinegotziak, eta herriko merkatariei «krisiaren aurrean lagungarri izatea» opa diela azaldu die. Aurreko urteetan bezalaxe, Erdi Aroko azoka postuak eta ekimenak alde zaharrean antolatuko dituzte. Hilaren 29an eta 30ean, egun osoz, era askotako produktuak saltzeko postuak egongo direla iragarri dute: esku lanak, jakiak, bitxiak, sendabelarrak, xaboiak, jostailuak, mineralak, pilotak, lurrinak, ukenduak, ohialak, apaingarriak... Kalea girotzeko, berriz, Napar Bideak-eko animazio taldeak kalejirak egingo ditu. Horrez gainera, herriko hainbat eragilek hartuko du parte, hala nola: tuntturroek, Udal Musika Bandak, Juan Antxieta Musika Eskolak, Azpeitiko Metal Boskoteak eta Guretzat txarangak. Talde hoiek kalejiran ibiliko dira. Postu gehiago Erdi Aroko azoka kalean egiten ari diren bitartean, hilaren 29an eta 30ean, herriko merkatariek Stock azoka jarriko dute, azoka plazan. Urtez urte, gero eta dendari gehiago animatzen da han postua jartzera, aurten 27 postu izango dira, «inoiz baino gehiago». Merkatarien arabera, «modu onean eta eskaintza ona eginda» denetariko produktuak erosteko aukera egongo da bertan: kirolerako arropak eta gaiak, emakumezko zein gizonezko arropa, haurrentzako arropa, oinetakoak, etxerako tresnak, eskulanak, oihalak, modako osagarriak, lentzeria, mertzeria... Bi egunetan, hau da irailaren 29an eta 30ean, Stock azoka 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara edukiko dute zabalik, azoka plazan. Azoka lagungarri Bertan Merkatari Elkartekoek azaldu dutenez, krisiaren ondorioz, herritarrentzako bezalaxe merkatarientzat ere «urtea oso gogorra» izaten ari da. Horregatik, era honetako ekimenak antolatzea eta aurrera eramatea «ezinbestekoa» da. Merkatariek herritarrak stock azokara animatu dituzte, «bertan eskaintza onak» aurkituko dituztela iragarrita. Aurtengoan ere Erdi Aroko azoka eta herriko merkatarien Stock azoka uztartu eta bateratu dituzte. Baina, aurrera begirako, beste «ideia edo asmo» batzuk aztertzen ari direla aurreratu du Mikel Ibarzabal Azpeitiko Festetako zinegotziak. «Diru gutxiagorekin eta herriko eragileen parte hartzearekin zer egin daitekeen aztertzen ari gara, eta horretan lanean segituko dugu», esan du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide