Mendebalde urruneko saloon bilakatuko da egun batez Zarauzko Gaztetxea. Larunbaterako Kountry Festa antolatu du Xakela Gaztetxe Asanbladak. Ildo horretatik, amerindiar eta cowboy-en inguruko filmetako itxura hartuko du egunak. Eguerdian elkartuko dira parte-hartzaileak, Putzuzulo Amets Fabrikan. Gerora, mendebalde urruneko bazkaria izango da. Bertan parte hartu nahi dutenek aurrez Eguzki saloon-en (Eguzki tabernan) eman beharko dute izena.
Sabela bete ostean, diligentziak hartu eta Musika Plazara abiatuko dira, hura okupatzeko asmoz. Ondoren, taldean elkartu eta haien arteko borrokaren eskenatoki izango da Alde Zaharreko plaza.
Kaktus afariaren ostean, Pariak Bi taldeak kontzertua eskainiko du festaren abiapuntuan, Putzuzulon. Gaua borobiltzeko, jolasak eta binakako dantza txepelketa egingo dituzte, Banddu Jam Session eta Txungi The Kid disko jartzaileak girotuta.
Xakela Gazte Asanbladaren idatzia, Kountry Festaren harira:
Larunbat honetarako antolatu dugun Kountry eguna dela eta, zera adierazi nahi diegu herritarrei;
Duela urte asko etorri ginen hona, Ameriketako Mendebalde Urrunera. Gure sorterria alde batera utzi zuten gure guraso eta aiton-amonek, familia hartu eta migratu egin zuten etorkizun oparo baten promesan. Aberastasun ugari hitz eman zieten lan gogor egingo bazuten: urrea, lur oparoak, zelai amaigabeak ganaduarentzat…
Beharrezkoa zen guztia ere egin zuten lur berri hontan denak aberats izan zitezen: bertako biztanleei lurrak kendu baita tribu osoak esterminatu ere, ingurua txikitu lurrak eman zezakeen azken apurra agortu arte, presoak eta desertoreak heriotzeraino lan eginarazi zubi eta trenbideak eraikitzeko…
Etorri ziren bankuak eta bankariak, guztion xoxak giltzapean ederki gordetzeko; baita gizon armatu ugari ere, sherif-ak eta zalditeria, bankarien diruak seguru izan zitezen edo beraiena dena erreklamatuaz matxinatzen diren azken indiarrak zapaltzeko. Eta arma guzti hauekin batera kartzelak eta kuartelak etorri ziren, utopia eder honen zaindari.
Gutxi jabetu ziren engainuaz, eta gogor hasi ziren lanean. Aberastasuna zain zuten eta apur bat iritsi zitzaien arren, beraien bizitza osoa lanean eman zuten trukean.
Gaur egun ordea gero eta garbiago dago hitz eman zuten mundu horrek ezin dituela gutxi batzuk besterik aberastu. Alkatea, bankaria, sherifa eta bizpahiru lurjabe ederki bizi dira, eta beraien estatusa arriskuan ikusten duten bakoitzean, beraien lurretan lanean dabiltzanei ogi zati txikiago bat ematearekin konpontzen dute arazoa.
Kalean ordea, ez dira armiarma sarez betetako etxeak eta indiar alkoholizatuak besterik geratzen. Herriak ez dira behin izan ziren bizitzaz betetako toki haien islada urrunena ere. Mundu guztia bata bestearekin borrokan ari da, errekako azken urrezko pipita nork aurkitu, miseriazko bizimodu hau salbatzeko bada ere. Izan ere, lur honetan berriz aberas gaitezkeela esaten jarraitzen dute, lehen eta beti sabela ondo beteta bizi izan diren horiek.
Han edo hemen, orduan eta orain, gauzak ez dira asko aldatzen. Garai zailak bizi ditugu eta arduradunei erantzun egin behar zaie. Horregatik kalera atera zaitezten eskatzen dizuegu, hasteko, hurrengo asteazkeneko greba orokorrean.
