Aurtengo San Migel festetako ekitaldiak bi asteburutan ospatuko dituzte Aizarnazabalen. Gainean den honetan, Euskal Jai Eguna ospatuko dute, eta hurrengoan ofizialki festak San Miel bezperan, irailaren 28an, txupinazoarekin hasi eta bete-betean sartuko dira jaietan.
Biharko eta etzirako antolatutako ekitaldien baitan kirolari lotutakoek garrantzia izango dute, hala nola Joxe Larrarteren oroimenez antolatzen duten pilota txapelketako finalerdiak jokatuko dira, eta Euskal Jai Egunaren baitan, koadrilen artean herri kirol lehia jokatuko da. Parte hartzen duten koadrilek hainbat proba izango dituzte jokoan; txingan, lokotx biltzen, ingudean, harrijasotzen, kontrabadistarenean, trontzan eta lasterka ari beharko dute.
Herri kirol lehiaketaren ondoren, herri mailako paella jana izango dute Aizarnazabalen. Dagoeneko, paella janerako txartelak erosteko epea bukatuta dago.
Larunbat iluntzean, Aizarnazabalgo Adiskide Bertso Eskolak antolatuta bertso jaialdia izango da herriko elizan. Sarrera doan da. Urteak dira, Adiskidek festen baitan bertso saioa antolatzen hasi zela, «puntako lau bertsolari ekarriz antolatzen dugu saioa», diote. Iaz, jaialdiaren tokia pilotalekutik elizara aldatu zuten eta aurten ere hantxe egitea erabaki dute, «iazko arrakasta ikusita». Era berean, saioa elizan egiteko aukera emateagatik eskerrak eman dizkiete «elizari eta bertako kideei».
Aurtengo bertso jaialdian Anjel Mari Peñagarikano, Xebastian Lizaso, Aitor Mendiluze eta Andoni Egaña bertsolariak ariko dira. Gai-jartzaile lanetan, berriz, Adiskide bertsozale elkarteko kide den Joseba Etxeberriak jardungo du. Baina, saioan jarriko diren gaiak bertso elkarteko kideen artean egin dituzte.
Sanmieletako lehen festa egunak eta gero, astean zehar hurrengo astebururako haurren eta helduen danborradetarako entseguak egingo dituzte herritarrek.
———————————
Egitaraua
Irailak 21, bihar
22:00. IV. Joxe Larrarteren Oroimenezko Pilota Txapelketako finalerdiak. 22 urtez azpikoetan, Iribarria eta Tolosa Etxanizen eta Galarzaren kontra ariko dira. Seniorretan, berriz, Jauregi eta Arratibel Iriondok eta Altunak osatutako bikotearen kontra.
Irailak 22, larunbata Euskal jai eguna
-11:30. Koadrilen arteko herri kirolak jokatuko dira: lokotx biltzea, harrijasotzea, ingudea, txingak, kontrabandistarena, trontza eta korrika.
-14:00. Paella jana.
-16:30. Dantza lehiaketa, Izer eta Alabier trikitilariekin.
-17:00. Lopene eta bere animaliekin jolasak.
-19:00. IV. Joxe Larrarteren Oroimenezko Pilota Txapelketako finalerdiak. 22 urtez azpikoetan Sanchok eta Aizpuruk Urretabizkaia eta Larunberen kontra jokatuko dute. Seniorretan, Larrañaga eta Uzkudun Elezkano I.aren eta Murgiondoren kontra ariko dira.
-23:00. Bertso jaialdia, elizan. Anjel Mari Peñagarikano, Aitor Mendiluze, Xebastian Lizaso eta Andoni Egaña. Gai-jartzailea: Joseba Etxeberria. Adiskide Bertso Eskolak antolatuta.
-Ondoren, Izer eta Alabier trikitilariekin dantzaldia.
