Azpeitiko Udalak jakinarazi du Santutxo auzoa igotzeko igogailuaren lanak dagoeneko amaitu dituztela, beraz, herritarrez zerbitzu hori «laster» erabili ahal izango dutela adierazi du. Igogailua erabiltzeko, ordea, txarteltxo bat eduki behar dute herritarrek, eta horiek hurrengo astean banatuko dituzte. Batetik, Santutxo auzoko bizilagunei txarteltxo bana emango diete, eta horretarako beharrezkoa izango da adin nagusikoa izatea. Guztira, 152 txartel inguru banatuko dituzte auzotarren artean.
Bestetik, estalitako parkeko etxean bizi direnek ere jaso ahal izango dute zerbitzua. Horien artean 160 txartel banatuko ditu udalak.
Halaber, plaza inguruan bizi diren biztanleek ere igogailua erabiltzeko txartela eduki dezakete, baina horretarako baldintza ezintasunen bat izatea ezarri dute.
38.000 euroko lanak
Izarraitz pilotalekuko azken solairuan pasillo bat egin dute, eta igogailua jartzeak 38.000 euroko aurrekontua izan duela jakinarazi du udalak.
Honen arabera, Azpeitia Denon Artean parte-hartze prozesuaren barruan egin dituzte igogailua egokitzeko lanak, eta udalak adierazi du Santutxo auzoko biztanleek egindako eskariei erantzun diela proiektu honen bidez.