Bihar Maialen Lujanbio izango da hizlari Erniarraitz Bertsozale Elkarteak antolatutako Hitzaldi Sortaren baitan.
Gaiaren trataera, bertsolarien aldetik izenburuko hitzaldia emango du Lujanbiok, 19:00etan, Azpeitiko Sindikatu Zaharrean. Erniarraitzekoek azaldu dutenez, solasaldian «bertsolari batek gai bat nola tratatzen duen aztertuko da, eta bapatean ari denak ea egiten duena aukeratu ote dezakeen».
Erniarraitz Bertsozale Elkarteak joan den maiatzean abiatu zuen Hitzaldi Sorta ekimena, «bertsoaren inguruko hainbat kontutan sakontzeko» asmoarekin. Aurreko bi hitzaldiak Karlos Aizpuruak eta Arkaitz Goikoetxeak eman zituzten, eta bihar Lujanbiok emango duena hirugarrena izango da. Aizpuruak
Bertsogintzako baliabiadeak etxean nola landu izenburu hartuta jardun zuen. Goikoetxearen saioan, berriz, bertso-eskola baten eredu erakustaldia izan zuten.
Bertsozale denei gonbita
Bertsozale guztiak biharko hitzaldian parte hartzera animatu dituzte Erniarraitzekoek, «ikastarotxo hauek interesgarriak izan daizke bertsoaren inguruan dabilen jende guztiarentzat, bat-batean ari direnentzat, irakaskuntzan ari den edozeinentzat edo bertsoaz besterik gabe gozatu nahi duenarentzat, bertsoaren barne mekanikan sakontzeak bertsoa bera gehiago gozatzea baitakar ezinbestean», azaldu dute.