Euriak eragiten dituen kalteei aurre egiteko lanean ari da udala

Nerea Uranga 2012ko irailaren 19a

Euriak hainbat kale edota auzotan eragiten dituen kalteak ekiditeko hainbat lan egiten ari da Azpeitiko Udala. Orain gutxi, Jose Artetxe kalean, Pastorkua jatetxearen aurreko zorua konpondu dute. Udaleko arduradunek esan dutenez, «Azpeitia Denon Arteanen baitan egindako bileretan bizilagunek zorua konpontzeko eskatu zioten udalari, euria egiten zuenean putzuak sortzen zirelako». Dagoeneko Jose Artetxe kaleko lanak bukatuta daude, 8.500 euro kostatu dira. Sanjuandegiko Jose Antonio Agirre plazan ere euriak eragiten dituen kalteei aurre egiteko lanak hasi ditu udalak, hango bizilagunekin batera. Plaza azpiko garajeetara ura pasatzen zela eta arazoari aurre egitea erabaki dute, tela asfaltikoa aldatu eta plaza berrituz. Lanak aurten bukatzea espero dute. Obraren %30 udalak ordainduko du, hau da, 62.100 euro. Gainontzekoa, berriz, plazako bizilagunek ordainduko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide