
Udalak bi eremu aztertuko ditu baratzak ezartzeko; horietako bat San Jose egoitza atzeko gunea (irudian) da (Ane Olaizola/Urola Kostako Hitza)
Zestoako Udalak herriko bi lursail herritarren esku utzi nahi ditu, baratza ekologikoak lan ditzaten. Duela hilabete batzuk egin zuen udalak lursailak landu ahal izateko deialdia, eta izena emateko epea amaitzear da. Interesa dutenek irailaren 28ra bitartean eman dezakete izena, Zestoako Udaleko Ingurumen eta Baserri Sailean. Zestoako alkate Leire Etxeberriak jakinarazi du dagoeneko hogeita zortzi lagun inskribatu direla. Hori hala, egitasmoak izan duen «harrera ona» nabarmendu du Etxeberriak. «Adin guztietako herritarrek eman dute izena, eta hori positiboa da. Nekazaritza ekologikoa modan dago; antzematen da horren inguruko kuriositate eta interes handia dagoela. Ilusio handia nabardi da jendearen artean». Izan ere, baratza ekologikoak eskuratu aurretik, nekazaritza ekologikoaren inguruko ikastaroa egin beharko dute herritarrek. Ikastaroa, ordea, irekia izango da, eta nahi duen orok izango du parte hartzeko aukera. Hala, ikastaroa soilik jasotzeko interesa beste sei lagunek agertu dutela jakinarazi du alkateak.
Bi eremu aztergai
Baratza ekologikoak herriko bi lekutan jartzea aztertzen ari da udala. Lursail bat San Jose egoitza atzeko eremuan dago, eta bestea Iraeta auzoko futbol zelai inguruan. Etxeberriak adierazi du bi eremuetarako eman dutela izena herritarrek; lehenengoan bost eta zortzi partzela inguru jartzeko lekua dago, eta bigarrengoan 18 partzela. Iraetako lursaila «egokiago» dela uste du Etxeberriak, baina jakin badakiherritar askorentzako erosoagoa dena bestea. Dena den, deialdia oraindik ez da itxi, eta egitasmoaren behin betiko erantzunaren arabera erabakiko dute nola kudeatu. Izena emateko epea amaitutakoan, udaletxeko teknikoek lursailak aztertuko dituztela adierazi du Etxeberriak. Halaber, lursailak sailkatuko dituzte gero, eta azken pausoa izango da herritarren esku jartzea. Etxeberriaren arabera, litekeena da hori zozketa bidez erabakitzea. Baratzan ereindakoa norberaren kontsumorako izango da. Halaber, konposta egiteko ontzia utziko die udalak baratzen ardura dutenei, eta guztientzako txabola jarriko dute, tresnak gorde ditzaten.
Lursailak aztertzearekin batera, proiektuaren inguruko gastuak zehaztuko dituzte. Hala, hurrengo urteko aurrekontuetan sartuko dituzte kontuak, eta egitasmoa udaberrirako martxan izatea aurreikusten du udalak.
Baratza ekologikoen inguruko informazio gehiago lortu nahi izanez gero, 943-14 70 10 telefonora deitu edo ingurugiro@zestoa.net helbidera idatz daiteke.