
Hainbat lagun erakusketa ikusten, herenegun, Balentziagaren argia-ren inaugurazioan (Amaia Ventas/Urola Kostako Hitza)
Lanparak argi-emaile hutsak dira lehen begi-kolpean. Sakonago aztertuz gero, argitzen duten espazioan argi jokoak sortzen dituzten objektuak direla antzeman daiteke, itzal sortzaileak, bolumenekin jolasean. Ideia horretatik abiatuta, Cristobal Balentziagaren ahalmen sortzailea egungo arkitektura eta diseinuaren parez pare jarri dute EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Donostiako Arkitektura Goi Eskola Teknikoko laugarren mailako ikasleek. Amaia Casado arkitektu eta irakasleak proposatuta, jostun getariarraren pieza bana aukeratu, ikuspegi konstruktibo eta kontzeptualetik landu, eta hainbat lanpara sortu dute. Horietako zortzirekin Balentziaga argitzen erakusketa osatu dute, gerora, fundazioarekin elkarlanean. Herenegun inauguratu zuten aldi baterako erakusketa, eta hilaren 30a bitartean izango da ikusgai Getariako museoan.
Casadoren «esperimentu pertsonala» izan da honakoa. 2011-2012 ikasturteko Proiektuen Garapena II ikasgaiaren baitako ariketa jakin baterako proposatu zuen gaia Zarautzen bizi den lasartearrak. «Lanparak egin izan dira halako tailerretan, baita aulkiak eta bestelako objektuak ere. Aurten zerbait ezberdina egin nahi nuen, eta Balentziagaren lanean pentsatu nuen. Duela gutxi ezagutu nituen haren diseinuak eta deigarriak egin zitzaizkidan», dio.
EHUko irakaslea jostunaren obrarekin «txundituta» geratu zela aitortu du. «Artista hutsa zen; diseinatzeaz gain, prozesu osoa berak lantzen zuen, hasieratik bukaeraraino. Soineko bakoitza sortzeko azterketa lan handia egiten zuen, arkitekturan egiten den moduan».
Le Corbusier, Alvaro Aalto, Frank Lloyd Wrigt edota Alvaro Siza arkitektu handiek luminarien diseinuaren inguruan egindako lanaren azterketa ere hartu dute oinarri gisa. «Ikasleek proposamena egin nienean harrituta begiratu zidaten. Gerora, ordea, gustura jardun dute lanean», adierazi du irakasleak.
Soinekoak, inspirazio
Zortzi lanpara sortu dituzte, Balentziagaren soinekuetatik abiatuta. Casadok «goi mailako joskintzako arkitektoaren» soineko «iradokitzaileenak» aukeratu, eta ikasleei erakutsi zizkien. «Pieza batzuk historikoak dira, eta besteak iazko erakusketa iraunkorrean egon ziren ikusgai».
Zeta beltzeko gaueko berokia aukeratu zuen Xabier Polledo ikasleak, esaterako, eta pieza horren «konplexutasun teknikoaren sinpletasuna» islatu du sare plastikoz eta alanbre metalikoz egindako lanparan. Irune Muñoz eta Naikare Sobronek, berriz, forma organikoa zein geometrikoa uztartzen dituen soineko beltzetik abiatuta, erradiografiaz osatutako argi- emaile dotorea sortu dute.
Profesionalak bidelagun
Erakustokia ere ez da «nolanahikoa». Balentziagaren Le Chou Nori piezan oinarrituta diseinatu dute kartoi ondulatuko mahaia.
Emaitzarekin ere «gustura» daude irakaslea zein ikasleak. Prozesua luzea izan bada ere—lau hilabete eta erdi iraun du—, «asko ikasi» dute. Izan ere, profesional handiak izan dituzte bidelagun. Miren Arzalluz Cristobal Balenciaga Fundazioko bildumen eta aldi baterako erakusketen komisario eta arduradunaren laguntzarekin, moda sortzailearen teknika aztertu dute.
Tytti Thusberg diseinatzaile finlandiarrak, berriz, upcycling kontzeptuaren nondik norakoak azaldu dizkie, jatorriz hondakina zen materialari balioa ematen, alegia. Bestalde, Concha Uzkudun eta Ana Zuaznabarrek, Minimil markako diseinatzaileek, jantzi bat egiteko prozesua erakutsi die. Santos Bregaña diseinatzaileak eta Mikel Setien argiztapenean adituak euren ikuspegi teknikoa eskaini diete.
Ikasturtea amaitzeko ekimen «ezin hobea» izan dela nabarmendu du Casadok. Irailaren 30a bitartean erakutsiko dituzte sortzaile berrien obrak, Balentziaga museoan.
Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu Balentziaga museoaren webgunea.