
Eleuterio Jauregi Beloki-k eta Juan Ramon Azpitarte 'Imuntzo'-k On Kixoteren eta Santxo Panzaren rola egingo dute (Argazkia: Agerre Teatroa)
Juan Ramon Azpitarte Imuntzo-k antzerkira egin du salto, Eleuterio Jauregi Beloki alboan duela. Bi trikilariek Zu ere On Kixote? antzezlanean hartuko dute parte, azkoitiarrak Santxo Panzaren rola eginez eta zaldibiarrak, berriz, On Kixoterena. Horretarako, interpretazioa musikarekin uztartuko dute trikitilariek. «Hasiera batean musikarekin soilik girotzen dugu obra, baina denbora pasa ahala aktore rola ere hartzen dugu, eta istorioan sartzen gara», adierazi du Imuntzok.
Imuntzo eta Beloki Agerre Teatroarekin ari dira antzezlana prestatzen. Bi aktore izango
dituzte taula gainean: Ainhoa Pineda Unai Fernandez. Maite Agirre, berriz, zuzendari lanetan arituko da. Guztien artean kontatzen dute On Kixoteren istorioa, eta horretarako, Euskal Herriko eta Gaztela Mantxako (Espainia) musikaz baliatuko dira musikariak.
Dagoeneko ari dira saioak prestatzen, eta Imuntzok, Belokik bezala, ez du aurretik egin antzezlanik. Are gehiago, inoiz antzerkigintzan aritzea ez zuela pentsatu aitortu du azkoitiarrak: «Maitek eskaini zigun antzezlan honetan parte hartzea, eta esperientzia berria izango delakoan, gustura onartu dugu. Ateak beti irekita izan behar ditugu, eta orain aukera berria eskura jarri digute», esan du Imuntzok. Pasa zen abuztuan hasi zen taldea entseguak egiten, eta prestakuntza saioak «oso ondo» doazela adierazi du Imuntzok. Hala ere, hasiera «gogorra» izan zela onartu du: «Musikan ibilbidea dugu, baina antzezten ez dugu esperientziarik, hasieran zaila egin zitzaidan. Behin lanak bere zentzua hartuta, ordea, rola menderatu dut, eta oso gustura nago».
Udazkenean, Zarautzen
Agerre Teatroak Zu ere On Kixote? antzezlanaren laugarren bertsioa egin du, eta azken honetara batu da Imuntzo. Aurretik, Argentinan edota Bizkaian taularatu izan dute obra, eta bakoitzak «estilo propioa» izan du; hala, lehenengoan gaztelaniazko bertsioa taularatu zuten, eta Bizkaian, berriz, Orkestra Sinfonikoak hartu zuen parte. Imuntzo eta Beloki buru-belarri ari dira antzezlana prestatzen, eta horregatik, disko berria kaleratzearen proiektua momentuz alboratuta dutela jakinarazi du azkoitiarrak.
Konpainiak udazkenean estreinatuko du antzezlana, eta dagoeneko zortzi emanaldi lotuta dituzte; horietako bat Zarautzen izango dela aurreratu du Imuntzok, baina data oraindik zehaztu gabe dutela adierazi du. Zarautzen ez ezik, Hendaian, Donostian, Villabonan, Zaldibian edota Amurrion eskainiko dituzte saioak. Konpainiak hamar emanaldi eskaintzeko asmoa du.