Chopin eta Xenpelar, elkarrekin

Aritz Mutiozabal 2012ko ira. 19a, 07:00

Frederic Chopin musikagilea, alde batetik, eta Xenpelar bertsolaria, bestetik. Bi artista handi bezain ezberdin, baina, era berean, oso antzekoak. Biak elkartuta, Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak eta Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak Bi arreba ikuskizuna landu dute, eta atzo goizean aurkeztu zituzten proiektuaren nondik norakoak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Ikuskizunean musika eta bertsolaritza elkartu dituzte, aipatutako bi artisten bizitza islatuz. Bertsoa eta pianoa uztartzeko ideia lehengusuak proposatu zion Lizasori; Jose Luis Loidi oriotarrak, hain justu ere. Proposamenari bueltak emanez, Lanku bertso zerbitzuarekin harremanetan jarri zen piano-jotzailea, eta honek harremanetan jarri zituen Egaña eta biak. «Elkarrekin hizketan, bakoitzak bere mundua azaldu zion besteari. Andoni berehala konturatu zen Chopin nire gustuko musikagilea zela, eta  Xenpelarrekin lotu zuen», azaldu zuen Lizasok agerraldian. Egañaren hitzetan, Chopinen bizitzak «zerikusi handia» du Xenpelarrenarekin: «Bien kontuak ekarriko ditugu. Hori izango da bizkarrezurra. Izan ere, ezaugarri komun asko dituzte: garaikideak dira; biak 30 urte pasatxorekin hil ziren, gaixotasun baten ondorioz; estaturik gabeko nazioetakoak ziren; hizkuntza propioa zuten; berritzaileak izan ziren». Chopin eta Xenpelar izenek ere «belarrira ongi jotzen» dutela nabarmendu zuen bertsolariak. Bi artisten bizitzako gertakari batek «txispazoa» sorrarazi ziela esan zuen Egañak, eta hori hartu dutela hari proiektu hau lantzeko orduan, baita izenburua jartzerakoan ere. «Hil aurreko azken egunetan, [...]

Andoni Egaña bertsolariak eta Xabier Lizaso piano-jotzaileak Bi arrebak ikuskizuna aurkeztu zuten atzo, Donostiako Koldo Mitxelenan (Aritz Mutiozabal/Urola Kostako Hitza)

Frederic Chopin musikagilea, alde batetik, eta Xenpelar bertsolaria, bestetik. Bi artista handi bezain ezberdin, baina, era berean, oso antzekoak. Biak elkartuta, Andoni Egaña bertsolari zarauztarrak eta Xabier Lizaso piano-jotzaile oriotarrak Bi arreba ikuskizuna landu dute, eta atzo goizean aurkeztu zituzten proiektuaren nondik norakoak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean. Ikuskizunean musika eta bertsolaritza elkartu dituzte, aipatutako bi artisten bizitza islatuz.

Bertsoa eta pianoa uztartzeko ideia lehengusuak proposatu zion Lizasori; Jose Luis Loidi oriotarrak, hain justu ere. Proposamenari bueltak emanez, Lanku bertso zerbitzuarekin harremanetan jarri zen piano-jotzailea, eta honek harremanetan jarri zituen Egaña eta biak. «Elkarrekin hizketan, bakoitzak bere mundua azaldu zion besteari. Andoni berehala konturatu zen Chopin nire gustuko musikagilea zela, eta  Xenpelarrekin lotu zuen», azaldu zuen Lizasok agerraldian.

Egañaren hitzetan, Chopinen bizitzak «zerikusi handia» du Xenpelarrenarekin: «Bien kontuak ekarriko ditugu. Hori izango da bizkarrezurra. Izan ere, ezaugarri komun asko dituzte: garaikideak dira; biak 30 urte pasatxorekin hil ziren, gaixotasun baten ondorioz; estaturik gabeko nazioetakoak ziren; hizkuntza propioa zuten; berritzaileak izan ziren». Chopin eta Xenpelar izenek ere «belarrira ongi jotzen» dutela nabarmendu zuen bertsolariak.

Bi artisten bizitzako gertakari batek «txispazoa» sorrarazi ziela esan zuen Egañak, eta hori hartu dutela hari proiektu hau lantzeko orduan, baita izenburua jartzerakoan ere. «Hil aurreko azken egunetan, bai Chopinek bai Xenpelarrek, beren arreba izan zuten ondoan. Orduan, honetarako bi arrebaren aitza­kia hartu dugu».

Haria eramango duen kontakizun bat egongo da, eta hari horren baitan, Lizasok Chopinen pieza batzuk joko ditu zuzenean eta Egañak, nola ez, Xenpelarren bertso jarriak abestuko ditu; besteak beste, Iya guriak egin du, Aizak, hi, mutil mainontzi eta Betroiarenak. Horrez gain, Egañak berak propio sortutako bertsoak ere taularatuko ditu; edo emanaldia aurkeztuko duten tokietarako bereziko sortukotakoak. Era berean, inprobisaziorako tartea ere utziko dutela adierazi du; nolabait ere, «bertsolaria inprobisatu gabe ez da lasai geratzen».

Lehen emanaldia azaroaren 1ean eskainiko dute, Bilboko Eliseos antzokian, Jarraian, Andoaingo Basteron, Bilboko Deusto auzoan eta Errenteriako Niessen kulturgunean izango dira. Momentuz, data gehiago lotzen ari badira ere, urtarrilean edo otsailean Azpeitiko Sanagustin kulturgunean izango direla aurreratu du Lankuk.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide