Garmendipe auzoan Loiolatik datorren bidegorria herriko bidegorri sarearekin lotzeko lanak hasi ditu Azpeitiko Udalak. Garmendipe futbol zelaiaren eta Errexil tailerraren artean ari dira lanak egiten; garai batean Urola trenbidea zen tokian, hain zuzen ere.
Bi alditan egingo dituzte Loiolako eta herriko bidegorriak lotzeko lanak. Urtarrilerako denak bukatuta izatea aurreikusi dute.
Aurreneko fasean, Loiolatik datorren bidegorria Artzubikoarekin lotuko dute. Horrez gainera, anexoko futbol zelaiaren ondoko espaloia egokitu egingo dute, gaur egun malda handia duelako, eta autoentzako aparkalekuak jarriko dituzte. Aurreneko faseko lanak hiru hilabeteren buruan amaitzea aurreikusi dute udaleko arduradunek.
Garmendipe auzoko lan horiek egiteko bost enpresa gonbidatu zituen udalak, eta lanak egiteko ardura ART enpresari eman diote. Obraren aurrekontua, berriz, 235.000 eurokoa da. Kostuaren %40 Azpeitiko Udalak ordainduko du, eta gainontzekoa, hau da %60 Eusko Jaurlaritzak.
Gero, Amuekoarekin lotura
Behin Loiolatik datorren bidegorria eta Artzubikoa elkarrekin lotuta, Amueko bidegorri zatiarekin bat egiteko lanean hasiko dira. Hori izango da obraren bigarren fasea. Orduan, Garmendipetik datorren bidegorriaren muturra Amuekoarekin lotzearekin batera kiroldegiraino luzatuko dute. Lan horiek egiteko orduan, Garmendipe futbol zelaiaren aurreko aldea «txukundu» egingo dute, oinezkoentzako espaloia eraikiz eta aparkalekuak eginez.
Bigarren faseko lan hoiek egiteko aukera bost enpresei eskaini die Azpeitiko Udalak, eta egun gutxi barru obrak zein enpresak egingo dituen erabakiko dute. Futbol zelai aurreko obra hauek 240.000 euroko aurrekontua dute, eta kasu honetan ere udalak kostuaren %40 ordainduko du, eta gainontzeko zatia Eusko Jaurlaritzaren esku geldituko da. Udaleko arduradunen aurreikuspenen arabera obrak datorren urtearen hasierarako bukatuta egongo dira.