Urria hastearekin batera jarriko dute martxan Orioko Antzerki Tailerra

Urola Kostako Hitza 2012ko irailaren 19a

Ikasturte hasierarekin batera antzerkiaren mundua gustuko duten oriotar taldetxo bat bildu zen Orioko Antzerki Taldea sortzeko asmoz. Hainbat bilera egin zuten, eta uda igaro ondoren proiektuari ekitea erabaki zuten. Pasa den asteazkenean bildu zen berriz taldea, eta proiektu berria «martxan jartzeko lehen urratsak» egin zituzten kideen. Lehenengo helburua herritarren artean antzerkiarekiko grina zabaltzeko sei hilabeteko antzerki tailerra sortzea izango da. Orioko Antzerki taldeko koordinatzaile Imanol Urkizuk azaldu dutenez, «Patxi Santamaria aktore zumaiarra izango da tailerreko irakaslea». Ikastaroa urriaren 1ean abiatuko dute, 18:00etan. Lehenik eta behin Santamariak ikasleekin hitz egingo du hauen nahiak ezagutzeko, eta egun horretan bertan lanean hasiko dira. 25 euro hileko prezioa Tailerra astean behin izango dela azaldu du Imanol Urkizuk, «2 orduko saioak izango dira, astelehenetan 18:00etatik 20:00etara edo 17:30etik 19:30era, oraindik ordutegi zehatza zehazteke dugu. Momentu honetan tailerrean izena eman duen jende kopurua kontutan hartuta hileko 25 euro kostako zaio bakoitzari tailerrean parte hartzea». Dena dela, jende gehiagok ekimenean izena emango balu, hileko kuota jaitsi egingo litzatekela jakinarazi dute antolatzaileek. Udalaren diru-laguntzarekin kalkulatu dute zortzi lagun inguruko taldea osatzen bada hileko 20 euroko prezioa izango lukeela antzerki tailerrean parte hartzeak. Interpretazioa lantzea xedea Orioko Antzerki Tailerrean interpretazioa landuko dute parte-hartzaileek. «Gorputza eta mugimendua, keinuak, ahotsa edota oinarrizko lanak landuko dira nagusiki. Horretaz gain, noiz behinka antzerkitxo txikiren bat ere inprobisatzeko asmoa ere bada. Mimoa edo clown moduko diziplinak ere landu nahiko lituzke Santamariak, baina tailerreko parte-hartzaileekin bildu eta euren nahiak ezagutu nahi ditu lehenik eta behin aktoreak, euren gustuko diziplina horiek sakonago jorratzeko» azaldu du Urkizuk. Herritarrek antzerkiaren eta interpretazioaren munduan murgiltzeko aukera aproposa da tailerra. «Behin ikastaroa egindakoan aurrera jarraitzeko intentzioa badago; hala ere, urratsez urratsa joan behar da eta denborak esango du proiektuak nola garatzen den». Izen-ematea zabalik Orain arte bost lagunek izena eman dute antzerki tailerrean, «30 urte ingurukoak edo gaztetxeagoak dira denak. Hala ere, 16 urtetik gorako herritar ororentzat aterak irekita ditugu, gero eta jende gehiago izan jarduera interesgarriagoak egiteko aukera izango baita». Oraindik ere Orioko Antzerki Tailerrean izena emateko aukera dute oriotarrek. Informazio gehiago nahi izanez gero Kultur Etxean bertan edo 943 13 44 09 telefono zenbakira hots eginda dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide