Corrugados Azpeitiako langileek itxialdia utzi dute, baina tailerretik kanpo mobilizazioekin jarraitzeko asmoa dute. Abuztuaren 20an ekin zioten itxialdiari, eta 26 gau eta egun egin dituzte langileek laminazioko plantan itxita. «Hemendik aurrera, lantegia langileon elkargunea izango da, goizero bertan bilduko gara, eta hantxe egingo ditugu bilerak. Mobilizazioak ere bertatik abiatuko ditugu», diote langileen ELA eta LABeko ordezkariek.
Corrugados Azpeitiako langileak kaleratzeen eta ezarri nahi dizkieten murrizketen kontra greban daude ekainaren 15etik. Ehun egun betetzeko bidean dira.
Grebaz gainera, aste honetarako mobilizazioen egutegia eginda dute, eta egunero hiru ordu laurdeneko elkarretaratzea egingo dute Landetako biribilgunean. Horrez gain, bihar Gasteizera, Ajuria Enea aurrera, joango dira mobilizatzera, eta eskualdeko BBVAko egoitzen aurrean bilkurak egiteko asmoa dute, besteak beste. Esaterako, gaur 10:30ean Azpeitiko BBVAren aurrean bilduko dira.
Langileak tailerreko parte
Itxialdia utzi duten arren, goizero «geldirik ez daudela adierazteko» etxafuegoak botatzen jarraitzen dute, baita tailerreko sirena martxan jartzen ere. Urola Kostako Hitza-k bideo-erreportajea egin berri du langileen mobilizazioaren eta itxialdiaren inguruan. Itxialdian parte hartu duten hainbat langilek «desengainuz» hartu dute enpresaburuek egindako azken eskaintza. Hala zioen Juan Jose Arakistain
Pino-k: «Neuk etsipen handiz hartu ditut buruekin egindako azken bileratik ekarritako berriak».
Haren ustez, erakundeek heldu behar diote auziari. Arakistain 1985etik ari da lanean Azpeitiko altzairugintzako lantegian.
Beste batzuen arabera, euren borroka «luze» doa, «eta askotan bukaera zein izan daitekeen ez da ikusten». Hala zioen Aitzol Arregik. Orain bost urte hasi zen Arregi Corrugados Azpeitian, «bosgarren erreleboa sortu zutenean, enpresaren ekoizpena goren mailara iritsi zen garaian». Baina auzia luzatzen ari den arren, euren eskubideen alde egin beharrean daudela uste du Arregik. «Gu ere enpresa honen parte gara eta guk ere lagundu dugu hau aurrera ateratzen». Enpresako nagusiekin egindako azkeneko bileran «langileak txotxongilo bezala» erabili nahi dituztela ikusten dela azaldu du. «Tailerra aurrera ateratzeko parte bezala ez gaituzte ikusten».
Bideragarritasun plan eske
Joan den asteko bileran enpresaburuek Azpeitiko lantegian kaleratzeko gehiago egiteko asmoa dutela azaldu zien Corrugados Azpeitiako Enpresa Batzordeko ELA eta LABeko kideei. «Langileon ordezkariok enpresako buruekin egindako Madrilgo bilerara bi kontu eraman genituen: batetik, kaleratze traumatikorik ez dugula nahi esan genien. Eta, bestetik, behingoz enpresaren bideragarritasun plana azaltzeko eskatu genien. Azaltzeko, benetan, lantegi honetan zenbat langile behar dituzten. Hala, tailerretik kanpo geldituko liratekeen langile horiei kaleratze txukun bat aurkitzeko». Kaleratze gehiago bai, baina benetan enpresa zenbat langilerekin aurreikusten duten ez dutela azaltzen kritikatu dute langileen ordezkariek, «eta hori argitzeko eskatzen ari gara behin eta berriro». Eskaera hori egiteko, atzo hasita egunero langileek telefonoz deituko diete enpresako buruei.
Joan den astean, Corrugados Azpeitiako langileak itxialdian zeuden bitartean, bideo-erreportaje bat egin zuen Urola Kostako Hitza-k. Webgune honetan dago ikusgai.