Aiako Udaletik jakinarazi dutenez eskolaz kanpoko ikastaroetan eta ekimenetan izena emateko epea zabalik da. Musika arloan panderoa, kitarra eta piano eskolak emango dituzte; kirolari dagokionean, berriz, helduentzako pilates eta aerobik ikastaroak antolatu dituzte eta haurrentzat pilota eta aerobik saioak. Horretaz gain, euskara ikastaroak eskaintzeko asmoa ere badu Udalak, dena dela herritarrek euskara ikasteko duten interesa ezagutu nahi dute ikastaroa antolatu aurretik.
Aiako Udaletik adierazi dute, irailaren 24a arte zabalik izango dela ikastaroetan eta ekimenetan izena emateko aukera. Gutxiengo ikasle kopurua beharrezkoa izango da ikastaro bakoitza martxan jartzeko eta jende gehiegik izena ematen badu, berriz, iaz ekimenean parte hartutako ikasleek lehentasuna izango dute.