Argiteria «berritzailea eta jasangarria» jarri dute Orioko udal kanpinean

Urola Kostako Hitza 2012ko irailaren 14a

Atzo goizean Orioko kanpineko argiteria sistema berria aurkeztu zuten Udaleko ordezkariek eta proiektu berritzailea garatu duten enpresetako arduradunek. Orioko alkate Beñat Solaberrietak prentsa agerraldian hala azaldu zuen: «Gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, jasangarritasuna bultzatzen duten, eta murrizten eta aurrezten laguntzen duten sistemak ezinbestekoak direla uste dugu. Domotika bidez kontrolatzen den argiteria sistema berritzaile honek baldintza horiek betetzeaz gain, etorkizunari begira inbertsio txikiak eginez aukera asko ere eskainiko dizkigu». LED argia eta wifi-a Orioko kanpinean argiztapen adimenduna ezarri dute, eta sistema horren bidez %85 murriztuko da enegia elektrikoaren kontsumoa. Luix enpresak garatu duen sistema berritzailearen bidez, Orioko udal kapineko argiteria zaharra LED motako argiez ordezkatu dute. Hala, orain kanpineko argiteri sistema berriaren intentsitatea erabiltzaileen beharren arabera moldatzeko aukera dutela azaldu dute. Horretaz gain, kale-argi berriek wifi errepikagailu bezala ere funtzionatzen dute; horrela, korronte elektrikoaren bidez kanpin osoan wifi seinalea izatea lortu dute. Argiteria sistema berria ordenagailutik, generazio berriko telefono mugikorretik, edo tablet-etatik kontrola daiteke. Oriokoa Espainiako Estatuan jasangarritasun energetikoa eta ingurumenaren iraunkortasuna oinarri dituen sistema ezarri duen lehen kanpina izan da. Kanpineko arduradun Idoia San Sebastianek adierazi duenez, ekainetik martxan dagoen sistemak «oso harrera ona» izan du udan kanpinean izan ziren bisitarien artean. Bisitarien nahietara Orioko alkate Beñat Solaberrietak adierazi du Orioko kanpina herriko turismo eskaintzarentzat estrategikoa dena. «Etorkizunean herriko motore ekonomiko nagusietako bat turismoa izango dela uste du udalak. Horregatik, bisitariak erakartzeko baliabideak prestatu behar ditugu, eta goi mailako zerbitzua eskaini». Horretaz gain, gaur egungo egoera ekonomikoa kontuan hartuta, jasangarritasuna bultzatzen duten eta murrizten eta aurrezten laguntzen duten sistemak «ezinbestekoak» direla uste du Orioko Udalak. Kanpina hobetuz Orioko Udalak kanpina biziberritzeko apustua egin du. «Orioko udal kanpinak goi mailakoa izaten jarrai dezan, 2011tik 2015era aurrera emango den plan estrategiko bat sortu dugu. Lehen fasean  zaharkituta zeuden azpiegiturak berritu ditugu. Argitegi sistema berritzailea ezartzea, esaterako, kanpina hobetzeko eta garai berrietara egokitzeko beste urrats bat da», azaldu du Miriam Uranga, Orioko Udaleko Turismo zinegotziak. Bigarren fasea 2013ko udaberrian abiatuko dute. «Bungalow-en eskaria gero eta handiagoa da bisitarien artean, eta horregatik Orioko kanpina herritarren nahietara moldatuko da eta bungalowak jarriko ditugu kanpinean datorren udaberrian».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide