Kostan Elkarteko ikastarotan izena eman daiteke jada

Zarauzko Hitza 2012ko irailaren 13a

Urtero legez, Kostan Elkarteko kideek eta «ikasteko gogoz» dagoen pertsona orok askotariko ikastarotan parte hartu ahalko dute. «Eskaintza zabala prestatu dugu 2012-2013 ikasturterako. Askotariko gaien inguruko eskolak eskainiko dituzte, guztiak in...

Urtero legez, Kostan Elkarteko kideek eta «ikasteko gogoz» dagoen pertsona orok askotariko ikastarotan parte hartu ahalko dute. «Eskaintza zabala prestatu dugu 2012-2013 ikasturterako. Askotariko gaien inguruko eskolak eskainiko dituzte, guztiak interesgarriak eta gaur egungoak». Hala, XX. mendeko arkitektura, Espainiako musika eta konpositoreak, Nazareteko Jesusen mezua eta harek egun duen eragina, umorea literaturan, informatika eta Grezia Klasikoko arkeologia landuko dute, besteak beste, aipatu ikastarotan.
Horrez gain, hitzaldiak, irteerak eta museoetara bisitak ere antolatu dituzte ikasturte berrirako.  Mariano Ferrer kazetariak, esaterako, abenduaren 13an eskainiko du hitzaldia. «Ikasteaz gain, oso garrantzitsua da ikasleon artean sortzen den harremana. Horiek estutzeko beharrezkoa da halako ekimenetan parte hartzea», adierazi dute antolatzaileek.
Aurrerantzean, Udaberrin
Aurten, aurreko urteetan ez bezala, ikastaroak Udaberri zentroan egingo dituzte, lehenbiziko solairuko aretoan. Eskolak, ohi bezala, 10:00etatik 12:00etara izango dira, astelehenetik ostegunera.
Ikastarootan izena emateko epea zabaldu dute dagoeneko. Ildo horretatik, elkarteko bazkide izan nahi dutenek 25 euro ordaindu beharko dute. Ikasturte osoko matrikula egiteak 80 euroko kostua izango dute, eta ikastaro bakarrean izena eman nahi dutenek, berriz, 25 euroko ordaindu beharko dute. CAN aurreski kutxan sartu beharko dute interesa dutenek aukera bakoitzari dagokion diru kopurua, 2054.2024.05.9148599865 kontu korrontean.
Informazio zabalagoa eskuratzeko, www.kostanelkartea.com webgunea bisita daiteke edota 943-132721 telefonora deitu.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide