Kable elektrikoa lapurtu dute Orion

Onintza Lete Arrieta 2012ko irailaren 13a

Orioko Udalak bere webgunearen bitartez jakinarazi duenez, lapurreta bart gauean izan da. "Anibarko Portutik Ortzaikara arteko bidean lapurtu dute kable elektrikoa eta, ondorioz, inguru hori argirik gabe dago orain. 600 metro kable lapurtu dute", dio oharrak. Kable berria jartzeko lanak "7.000 euro inguruko kostua" izango duela jakinarazi dute. Gainera, zerbitzu teknikoek uste dute astebete inguru beharko dela kable berria jartzeko lanak bukatzeko. Udalak adierazi duenez ez da aurreneko aldia mota honetako lapurreta gertatzen dena herrian. Horregatik, "udala aztertzen ari da kontrol-sistemaren bat ezartzea kable berrietan, lapurretak eragozteko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide