Orioko EAJk salatu du Bilduko Udal Gobernuak jarrera «totalitarioa» duela

Urola Kostako Hitza 2012ko irailaren 13a

[/caption] Bildu udal taldeak Orioko Udalean jarrera «autoritarioa» duela salatu du EAJk, eta «kezkatuta» agertu da koalizioak gobernatzeko duen moduagatik. Horretaz gain, herritarrek egiten dituzten proposamenak, «horiek aurkezten dituzten alderdi edo zinegotziaren arabera onartzen edo alde batera uzten» direla ere gehitu du. Iritzia emateko «zailtasunak» 2011ko maiatzaren 22an Orioko Udal Gobernua aldatu zenetik, EAJ eta Udal Gobernuaren arteko erlazioa ez da erraza izan. «Azken hilabeteetan nahikoa oztoporekin topatzen ari gara udalean, zinegotzi lana egoki burutu ahal izateko», salatu du EAJ-k. Zinegotzien batzordeetan informazioa jaso, zalantzak argitu eta une bakoitzean lantzen ari den gaiaren inguruan alderdi bakoitzaren iritzia eta asmoa azaltzen dute. «Zinegotziok batzordeetan burutzen dugu gure egiteko nagusia». Dena dela, zenbait kasutan euren lana egiteko «zailtasunak» izaten dituztela adierazi dute Orioko EAJtik. «Batzorde baten deialdiaren aurrean EAJ udal taldeko zinegotzietako batek ordua aldatzeko eskatu, eta erantzun ere ez zitzaion egin. Batzordeetan gai zerrendan dagoen puntu baten inguruan galderak ere ezin ditugu egin, iritzia ere ezin dugu eman, eta moztu egiten zaigu». EAJren iritziz, askatasuna eta partaidetza moduko hitzak «behin eta berriz errepikatzen ditu Bilduk bere diskurtsoan», baina «ez da gai izan EAJk hondakinen inguruan eskatutako kontsulta egiteko izapide bat bera ere egiteko», azaldu dute. Igogailuaz Herritarrengandik etortzen diren ekimen eta proposamenak, «hauek aurkezten dituen zinegotziaren arabera onartzen» direla ere salatu du EAJk. «Zaharren Babes Lekuak adineko pertsonek dituzten beharrei erantzuna eman nahian, kultur etxe atzeko igogailua konpondu bitartean plazako igogailuak 24 orduko zerbitzua ematea eskatu zuen. Proposamena Bilduren eskutik etorri ez zenez, ekimena ez zen onartu», adierazi dute. EAJri jarrera hori guztiz «totalitarioa» eta«ordezkaritza gehien duen alderdiari eta alderdi horri konfiantza eman dioten herritarrei errespetu falta» dela iruditzen zaio. «Udalean arazoak konpondu beharrean komunikabideetara jo izana aurpegiratuko digute, baina batzordeetan ezin da askatasunez eztabaidatu».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide