Nava Jeevanek Nava Chetna proiektuaren berri emango du larunbatean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2012ko irailaren 13a

Nava Jeevan elkarteak Nava Chetna proiektu berria ezagutaraziko du larunbatean, Olarro Egunaren baitan. Nava Chetna ikasketak uzten dituztenei lanbide heziketa eta laguntza eskaintzeko asmoarekin sortutako zentroa dela jakinarazi dute elkartetik. Aldi berean, eskolara doazenei hezkuntza laguntza emateko baliagarri izango da zentro hori. Zentroa Calcutta (India) hirigunean dago, «gizarteko behartsuenak aurkitzen diren gunean», hain zuzen. Behin berritze lanak amaituta, Nava Chetna zentroan askotariko ikastaroak emango dituzte. Batetik, testu  liburuen liburutegia izango da bertan. Bestetik, informatika ikastaroak ere eskainiko dituzte. «Gaur egun formazio mota hori beharrezkoa denez, beheko solairuko gela zati bat informatikako eskolak emateko egokitu da. Hala, gaitasun ekonomiko urriko haurrek ordenagailuekin praktikatzeko aukera izango dute». Bestalde, laguntza saioak ere emango dituzte, laguntza berezia behar duten haurrei zuzenduta. Era berean, lanbide heziketako saioak ere izango dira: «Hasiera batean josteko ikastaroak eskainiko dira, baina aurrerago eskaintza zabalduko dugu, ehunen tindaketa, keramika diseinua eta ekoizpena, papergintza, artisautza eta sukaldaritza eskolak, besteak beste». Proiektu berri hori aurkezteaz gain, dagoeneko martxan dituzten egitasmoen (gaixotasun edota ezintasunen bat duten haurren inguruko Asha proiektua eta Ankur haur eskolarena) inguruko informazioa ere banatuko diete Erribera kalean jarriko duten postura gerturatzen direnei. Informazio gehiago bildu daiteke Nava Jeevan elkartearen webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide