Olagarroak Zumaiarekin duen lotura ukaezina da. Hori dela eta, duela hiruzpalau urte udalak harreman horren inguruko lanak osatzeko diru-laguntza gorde zuen. Xabier Alberdik eta bere kideek irabazi zuten lehiaketa, eta gaur aurkeztuko dute lan horren fruitua:
Zumaia eta olagarroa. Molusku horren inguruan hainbat ikerketa egin dute, eta guztiak uztartu ostean, liburu horretan jaso dituzte. Alberdik eta Oihan Artetxek jorratu dute arlo historikoa, Inaxio Manterolak ikuspuntu biologikoa landu du, eta Javier Carballok, berriz, alderdi antropologiko-etnografikoa. Liburuan agertzen diren irudiak ere argazkilari zumaiarrarenak dira, eta marrazkiak, aldiz, Ander Hormazurik egin ditu.
Alondegian izango da aurkezpena, 19:00etan. Ekitaldiaren ostean erosi ahalko dute
Zumaia eta olagarroa lana interesa dutenek, 15 euroan. Bi hizkuntzatan kaleratu dute liburua, euskaraz eta gaztelaniaz.
Hainbat arazo
Olagarroaren inguruan ikertzea ez dela erraza izan aitortu du zarauztarrak. Espezie horri buruzko dokumentazioa «urria» dela nabarmendu du. «Arazo batekin egin genuen topo lanean hasterakoan. Batez ere azterketa arkeologikoa egiterakoan izan dugu arazo handiena». Izan ere, olagarroak ez du «oskolik», eta ondorioz, ez du «aztarnarik» uzten.
Bestalde, dokumentazioari dagokionez, beste oztopo bat topatu zuten gaia lantzerakoan: «Ekonomiko orokorrari dagokionez, olagarro arrantza inoiz ez du pisu handiegirik izan; historikoki antxoaren edota bisiguaren arrantzak izan duen pisua ez du izan inondik inora. Inoiz ez da izan arrantza horren inguruko flota handirik. Beti izan da etxe ekonomiarekin lotutako ekintza bat». Ondorioz, dokumentazio arloan ez dute «aztarna asko» topatu. Hori dela eta, «zeharkako datu pila bat» bildu behar izan dute hutsune horri aurre egiteko. «Nahiz eta olagarroari buruzko informazio gutxi topatu, bestelako espezien inguruko datuetan oinarritu gara, antzekotasunak ildotzat hartuta», adierazi du Alberdik. Arraldeko arrantzako beste zenbait espezien inguruko datuak topatu dituzte hala, lapak eta muskuiluak kasu, eta horietatik abiatuta, ondorioak atera dituzte: «Aztarnategietan gehien azaltzen diren espeziek dira ekoizpen handiena dutenak. Eta guztien artean produktibitate handiena duena olagarroa da, noski». Horrekin ondorioztatu dute, hipotesi gisa, espezie ustiatua izan daitekeela olagarroa.
«Handik eta hemendik» ere bildu dituzte zenbait dokumentu, eta horri esker osatu dute Artetxek eta Alberdik eurei zegokien atala.
Carballo ere arazo berarekin topatu dela gogoratu du Alberdik: «Arrantzaleei egindako elkarrizketekin osatu du azterketa antropologiko-etnografikoa».