Urte hasieran Bidaia koadernoa erakusketa jarri zuen Udane Juaristi artista azkoitiarrak Donostiako Arteztu galerian. Orain, proiektu horretako lau margolan berreskuratuz, eta beste bost margolan gehituz, erakusketa berria zabaldu du Sanagustin kulturgunean, hilaren 30era arte. «Niretzako bidaia koadernoak dira nire koadroak. Azken finean, nire bidaietan ateratzen ditudan argazkietatik lantzen ditut», aditzera eman du.
Argazkia da Juaristiren obraren abiapuntua. «Ondoren, ordenagailuan ideiak edo zirriborroak egiten ditut. Egin nahi dudanaren arabera, zati batzuk collage bezala sartzen eta kolorea gehitzen joaten naiz». Prozesu horretan hiria du inspirazio iturri. Izan ere, Paris, Habana, Lisboa eta Porto bezalako lekuak islatu ditu, baita irudimenetik sortutakoak ere. «Gordetzen ditudan argazki zatiekin bestelako paisaiak sortzen ditut. Ez dira leku jakin bat izaten, nahasketa baizik».
Bere paisaietan tranbiak, kale zaharrak, garaiko autoak eta eraikinak ageri dira. Zuri-beltzezko irudiak dirudite, baina Sanagustineko koadroak kolorez jantzi ditu. «Beti ez da horrela izan. Orain dela urte batzutako nire lana ilunagoa zen, baina egun etxean lantzen ari naizen gauzek kolore gehiago dute», zehaztu du.
Koloreen maiztasunean ez ezik, irudien egituraketan ere antzematen da garapena. Hiritarra izan da beti, baina aldatzen joan da: «Lehen bizikletak horma aurrean eta erretratuak ziren nagusi. Oraingo lanek sakonera gehiago dute; apaisatuagoak dira, eta elementu gehiago sartzen ditut. Gainera, mugimendua ageri da garraiobideen joan-etorriekin. Oro har, ikuspegi zabalagoa dute».
Garapenarekin jarraituz, azkenaldian marrazki buru-belarri murgildu dela nabarmendu du artistak. Orain arte, argazkiak aukeratu, eta horien arabera sartzen zituen koloreak, eta orain alderantzizko joerari heldu dio.
Hormak apaintzen
Koadroez harago, muralen sorkuntzan ere aritzen da Juaristi. «Egia esan, niri gehiago gustatzen zait, eta kalean bada, hobe. Nire hiritartasun ikuspegiarekin bat etortzeaz gain, erakuslehiorik handiena da. Hala, jendeak ez du areto batera joan behar obra ikustera». Azkenaldian hainbat mural egin du: uda aurretik, Azkoitia eta Zumarraga arteko bidegorriko tunelean Urolako trenaren irudia egin zuen; saninazioetan, Azpeitiko Erdi Kalean ere egin zuen beste bat; eta, iraila bukaeran, Xirikatzen Kultur Mahaixek bultzatuta, Azkoitiko Lidl ondoko fabrika zaharreko horma zati bat apaindu zuen. Atari zabalean ez ezik, etxeetako hormak ere hornitzen ditu enkarguz.