Hilaren bukaeran, San Migel egunaren bueltan ospatuko dituzte festak Aizarnazabalen. Dagoeneko hainbat ekitaldi prestatzen hasiak dira; hala nola, haurren zein helduen danborradenak eta konpartsarenak.
Haurren danborrada San Migel egunez egingo dute, eta hori antolatzeko ardura herriko guraso talde batek hartu du. Entsegu egunak zehaztu dituzte dagoeneko, eta bertan aritzeko izena emateko epea itxita dago. Bihar hasiko dira txikiak danborradarako entseatzen, 17:00etan, eskola azpian. Hurrengo entsegu saioak hilaren 18an, 20an, 25ean eta 27an izango dituzte.
Helduen danborrada, berriz, irailak 28an, ostiralean, egingo dute, eta bertan parte hartzeko izen ematea zabalik da oraindik; bihar amaituko da horretarako epea, eta Gure Borda eta Mikel elkarteetan edo gaztetxean eman daiteke izena. Hain zuzen, gune horietan dauden izena emateko orriak bete beharko dituzte. Helduen danborradan parte hartzeko ezinbestekoa da hamasei urte baino gehiago izatea.
Entseguei dagokienez, bihar hasiko dira prestaketa lanetan. Bihar ez ezik, hilak 18an, 20an, 25ean eta 27an elkartuko dira, 17:00etan, eskola azpian.
Aurten, kabareta
Aurtengo sanmigeletan, gainera, jaietako konpartsa egingo dute herriko gazteek. Iaz izan zuen «arrakastari» jarraipena emango diote San Migel egunean. Aurtengo emanaldiaren gaia kabareta izango da.
Hogeita bost gazte inguruk eskainiko dute kabaretaren inguruko ikuskizuna, dantza eta azterkia uztartuta. Konpartsako kideek adierazi dutenez, ikuskizunak iazko formatu bera izango du, baina aurreko urtearen aldean «oso desberdina» izango dela aurreratu dute. Izan ere, lehengo urtean bezala, saioari hasiera emateko herrian zehar jaitsiera egingo dute parte hartzaileek, eta plazara dantzan joango dira. Behin plazara iritsitakoan, beste ekitalditxo bat egingo dute. Aurten, ordea, gaia zehar desberdina izango da, eta parte hartzaileen arabera, interpretazioak garrantzia gehiago bereganatuko du; hala, istoria bat jorratuko dute aurtengoan. «Konpartsa prestatzeko elkartu ginen lehenengo bileran erabaki genuen kabaretaren inguruan egingo genuela; ideia desberdinen aurrean horixe izan zen adostasun gehiena izan zuena», adierazi dute kideek.
Taldea dagoeneko hasi da entseguak egiten. Abuztuaren amaieratik ari dira prestatzen ikuskizuna, eskola azpian. Bertako kideek adierazi dutenez, saioa «itxura polita» hartzen ari da pixkanaka.
Hilak 29an, San Migel egunean, 23:00etan hasiko da ekimena, eta ikuskizuna aitzakiatzat hartuta, gazteek mozorro gaua ere proposatu dute egun horretarako. Giroa indartzeko asmoz, konpartsak herritarrak animatu ditu gau horretan mozorrotuta irten daitezela kalera.
