Bihar abiatuko du Orioko Udaleko Hondakinen Mahaiak
Ez da marroia:birziklatzea beharrezkoa da ekimena, herriko plazan. Kanpainak bi helburu nagusi dituela azaldu dute udaletik; alde batetik, egungo birziklatze tasa, %29koa, handitzea, eta bestetik, Orioko etxe guztietan hondakin organikoa birziklatu ahal izateko herritarrei horretarako beharrezkoa den materiala banatzea.
Edukiontzi banaketa
Hondakin organikoa jasotzeko bio-hondakin ontziak, kaleko edukiontzia irekitzeko giltza eta informazio orriak banatuko ditu Orioko Zero Zabor taldeak irailean eta urrian zehar. Irailaren 13an, 20an, 27an eta urriaren 4an 09:00etatik 13:00etara herriko plazan izango dira, ostegunetako azoka aprobetxatuz.
Birzikaltzea handitzea xede
Orioko Udaleko Ingurumen zinegotzi eta Hondakinen Mahaiko kide Ekiñe Saizarrek azaldu duenez, ingurumenaren gaia oso gai garrantzitsua da Orioko Udalarentzat. «Hondakinen Mahaiaren helburua Orioko birziklatze tasa handitzea da eta horretarako hainbat urrats emango ditugu datozen hilabetetan».
Autokonposta egiteko aukera edo hondakin organikoa biltzeko beharrezkoa diren materialen banaketa dira birziklatze tasa handitzeko bidean emango diren pausuetako batzuk. «Garrantzitsua iruditzen zaigu herritar guztiek hondakin organikoa bildu eta birziklatu ahal izateko materiala eskura izatea, materiala etxean ez izatea birziklatzeko aitzakia izan ez dadin. Horiek erabiltzeko ikastaroak aurrerago antolatuko ditugu» adierazi du Saizarrek.
Kanpainaren izenburuak adierazten duen bezala, zenbait herritarrek hondakin organikoa biltzea betebehar deserosotzat hartzen dute; Orioko Udalak eta Hondakinen Mahaiak alderantzizko mezua aldarrikatu nahi dute ordea. «Plastikoa, papera, beira eta beste hainbat gai biltzea ohikoa bihurtu da. Horregatik, hondakin organikoa biltzea birziklatze prozesuaren beste urrats bat dela ulertu behar da, behin gainontzeko gaiak birziklatzen badira, organikoak birziklatzea ez baita ezer kostatzen».
«Ahalegin berezia»
Udan Udalak etxe guztietara banatu zuen inkestak izan duen harrera ikusita, herritarren erantzunaren inguruan «zalatzak» dituzte antolatzaileek. «Inkestak ez du arrakasta handiegirik izan; agian, uda garaian banatu izanak eragina izango zuen herritarren erantzunean, eta horregatik inkesta jasotzeko epea luzatu dugu. Dena dela, ahalegin berezia egingo dugu bio-hondakin ontzia, informazio orria eta kaleko edukiontzi marroia irekitzeko giltza etxe guztietara iritsi dadin».