Mahats bilketaren XIII. Jaia ospatuko dute larunbatean

Zarauzko Hitza 2012ko irailaren 11

Mahats Bilketaren XIII. Jaia ospatuko dute larunbatean, Lege Zaharren Enparantzan. Urtero legez, jatorrizko izendapena osatzen duten upeltegi guztietako mahatsa prentsatu eta denboraldiko lehenengo muztioa aurkeztuko dute eguerdian. Aurtengoa “uzta bikaina” izan dela aurreratu du Jose Inazio Manterola Getariako Txakolineko presidenteak: “Irrikitan gaude urte guztian zehar egindako lanaren emaitza jendaurrean aurkezteko”. Kopuruari dagokionez, iazkoaren antzekoa izan dela esan du Ruth Mozo Getariako Txakolineko idazkariak; kalitate aldetik, ordea, “zoragarria” dela nabarmendu du.  Murkil  omenduko dute, gainera; aurten 30 urte bete ditu dendarien elkarteak. Topa egin ostean, herritarrek 23 upategitako (Agerre, Aizpurua, Akarregi Txiki, Ameztoi, Arregi, Basa Lore, Bengoetxe, Eizagirre, Etxetxo, Flysch, Gaintza, Gañeta, K5 Argiñano, Mokoroa, Rezabal, Sagarmiña, Santarba, Talai Berri, Txomin Etxaniz, Ulacia, Upaingoa, Urki eta Zudugarai) txakolina dastatzeko aukera izango dute Lege Zaharren Enparantzan. Sei euro ordainduta, kopa bat eskuratuko dute bertaratzen direnek, eta bost txakolin hartu ahalko dituzte. Guztira, 1.500 botila prestatuko dituzte egun horretarako.  Laguntzeko, besteak beste, antxoa, hegaluze eta piper pintxoak eskainiko dituzte, eta baita sardina erreak ere, Zarautz Abesbatzaren eskutik. Aurrez, txakolin pintxo poteoa egin ahalko da Alai, Aldape, Argi/Kandela, Aritzbatalde, Arrano, Bai Batzokia, Bartolo, Basarri, Egoki, Eguzki, Etxaiz, Gau Txori, Gaztelu, Geltoki, Itxaso, Joe, Kantabriko, Karlos Arguiñano, Kulixka, Tivoli, Txiki Polit eta Zazpi tabernetan. Zurekin elkarteko [...]

Mahats Bilketaren XIII. Jaia ospatuko dute larunbatean, Lege Zaharren Enparantzan. Urtero legez, jatorrizko izendapena osatzen duten upeltegi guztietako mahatsa prentsatu eta denboraldiko lehenengo muztioa aurkeztuko dute eguerdian. Aurtengoa “uzta bikaina” izan dela aurreratu du Jose Inazio Manterola Getariako Txakolineko presidenteak: “Irrikitan gaude urte guztian zehar egindako lanaren emaitza jendaurrean aurkezteko”. Kopuruari dagokionez, iazkoaren antzekoa izan dela esan du Ruth Mozo Getariako Txakolineko idazkariak; kalitate aldetik, ordea, “zoragarria” dela nabarmendu du.  Murkil  omenduko dute, gainera; aurten 30 urte bete ditu dendarien elkarteak.

Topa egin ostean, herritarrek 23 upategitako (Agerre, Aizpurua, Akarregi Txiki, Ameztoi, Arregi, Basa Lore, Bengoetxe, Eizagirre, Etxetxo, Flysch, Gaintza, Gañeta, K5 Argiñano, Mokoroa, Rezabal, Sagarmiña, Santarba, Talai Berri, Txomin Etxaniz, Ulacia, Upaingoa, Urki eta Zudugarai) txakolina dastatzeko aukera izango dute Lege Zaharren Enparantzan. Sei euro ordainduta, kopa bat eskuratuko dute bertaratzen direnek, eta bost txakolin hartu ahalko dituzte. Guztira, 1.500 botila prestatuko dituzte egun horretarako.  Laguntzeko, besteak beste, antxoa, hegaluze eta piper pintxoak eskainiko dituzte, eta baita sardina erreak ere, Zarautz Abesbatzaren eskutik.

Aurrez, txakolin pintxo poteoa egin ahalko da Alai, Aldape, Argi/Kandela, Aritzbatalde, Arrano, Bai Batzokia, Bartolo, Basarri, Egoki, Eguzki, Etxaiz, Gau Txori, Gaztelu, Geltoki, Itxaso, Joe, Kantabriko, Karlos Arguiñano, Kulixka, Tivoli, Txiki Polit eta Zazpi tabernetan. Zurekin elkarteko kide Asier Aldalurrek jakinarazi duenez, txakolina eskatzen duen orok pintxoa jasoko du opari.

Menu bereziak eta ostatuak

Ohi bezala, herriko hainbat jatetxek txakolinarekin egindako menu bereziak eskainiko dute, 22 euroren truke. Interesa dutenek aurrez erreserbatu dezakete lekua Kirkilla Enean (943-13 19 82), Lagunaken (943-83 37 01), Kulixkan (943-13 46 04), Egokin (943-13 27 66), Txiki Politen (943-83 53 57) eta Bai Batzokian (943-002049). Horrez gain, Arrivati eta Xibarta izozki dendek egunean zehar txakolin zaporeko helatuak eskainiko dituzte, prezio berezian.

Era berean, Argiñano, Zarautz, Alameda, Norte eta Olatu hotelek eta Ekia, Lagunak eta Txiki Polit pentsioek eskaintza berezia egingo diete udalerrira asteburu pasa datozenei. Hala, ohiko prezioak baino %10 merkeago eskainiko dute ostatu. Horrez gain, txakolin botila bana oparituko diete bezeroei, eta Natura eta txakolina bisita gidatuan hartu ahalko dute parte larunbat goizean. Baldintza bakarra bete beharko dute bisitariek: gutxienez, bi gaueko egonaldia egitea, hilaren 14tik 15era.

Egun horretarako prestatu duten eskaintza dela-eta, Turismo zinegotzi Karmele Alberdik ekimenetan parte hartzera animatu ditu herritarrak zein bisitariak: “Lagun artean egon eta udari amaiera emateko modua izaten da askorentzat. Ez da hori bakarrik, baina; gure inguruko mahatsondoetako ardoa, txakolina, dastatzeko aukera ere bada. Zapore garratz horrek lur honekin duen identifikazioagatik uda amaiera ospatzeko eguna baino gehiago da”.

Arratsaldean, Ardi Txakur Lehiaketa

Arratsaldean, berriz, Arraza Libreko V. Ardi Txakur Txapelketa izango da Kortazarren, 17:30etik aurrera. Aurten sei artzainen txakurrak lehiatuko direla jakinarazi du Jose Luis Saizar antolatzaileak: Elgoibarreko Jose Antonio Arrillagaren Txiki, Oiartzungo Mikel Aizpuruaren Suker, Galdakaoko Bitxor Bengoetxearem Bat, Arrasateko Jesus Kruzealegiren Bat, Aiako Pello Pagadizabalen Lanz eta Saizar beraren Rex. Mikel Eguren eta Pello Segurola ariko dira epaile lanetan.

MAHATS BILKETAREN XIII. JAIA. EGITARAUA.

10:30. Natura eta Txakolina bisita gidatua. Talaiberri txakolindegitik hasita, Talaimendiko itsaslabarretatik ibilbidea egingo dute parte-hartzaileek. Ondoren, txakolindegian txakolina  egiteko prozesua ezagutzeaz gain, dastatzeko aukera ere izango dute. Bi ordu inguru iraungo du bisitak.
11:00. Kalejira txistulariekin.
12:00. Txakolin pintxo poteoa, herriko hainbat tabernatan.
12:00. Lehenengo muztioaren aurkezpena, Lege Zaharren Enparantzan. Sebastian Lizaso eta Andoni Egañak bertso saioa eskainiko dute eta Iratzarri taldeak, otxote baten laguntzarekin, Txakolin dantza egingo du.
12:30. Txakolin dastaketa izango da, Lege Zaharren Enparantzan.
Jarraian. Iratzarri dantza taldeak eta txistulariek kaleak girotuko dituzte.
17:30. V. Arraza Libreko Ardi Txakur Txapelketa, Kortazarren.
18:30. Dantzaldia Orots taldearekin, Musika Plazan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide