Bi aldeek Madrilen egindako bilera eta gero, kontuak berdintsu Corrugadosen

Nerea Uranga 2012ko ira. 11a, 09:03

Kontuak orain artekoen antzera segiko dute Corrugados Azpeitia enpresan, atzoko bileran zuzendaritzak egindako eskaintzak murrizketetan oinarritutakoak baitira. Azpeitiko lantegiko langileen ELA eta LABeko ordezkariek Gallardo Taldeko buruekin bilera egin zuten atzo goizean, Madrilen. Batzarrean jasotako eskaintza aldatu badute ere, egungoa antzekoa da, langileen ordezkarien arabera. Nagusiek jarrerari eusten diotela esan dute. Langileek gaur goizean aztertuko dute atzo bileran landutakoa, goizetan egiten baitituzte batzarrak. «Gallardo Taldearen eskutik gaur jasotakoa antzerki hutsa izan da», salatu du enpresa batzordeak. «Eskaerek erantzunik gabe jarraitzen dute, eta zuzendaritzaren proposamenak guztiz onartezinak dira». Hauek dira, hain zuzen: langile guztiei soldata %35 jaitsi beharrean, soldata baxuena dutenei %30 jaistea, eta altuena dutenei, berriz, %40 jaistea. Kaleratzeen inguruan ere eskaintza egin dute nagusiek; hau da, orain kaleratutako 60 lagunetatik hamabost berriro hartu, eta haien ordez beste hamabost lagun kaleratzea. Langileek proposatu beharko lituzkete azken horiek, baina beti ere enpresaburuen adostasunarekin. Urteko lanaldia 49 ordu gehiagokoa izatea eskatzen dute Corrugados Azpeitiako buruek, eta orain hori Lana Erregulatzeko Txostena ezartzen den egunetan ez dela beteko esan diete. Baina urte bukaera bitartean 66 laneguneko lan suspentsioa ezartzeko asmoari eutsi diote. Horiez gainera, ados jartzeko langileek murrizketen gainean epaitegian jarritako bi helegiteak kentzeko eskatu diete enpresaburuek langileen ordezkariei. «Antzerki hutsa izan da. Enpresaren bideragarritasunari begirako proposamenak zeuzkatela saldu nahi izan dute, proposamen bakar bat egin ez dutenean». Horren aurrean, aldarrikapenei «tinko» eutsiko diete langileek: «Ez dugu kaleratze traumatikorik onartuko; enpresaren etorkizuna argitzea eskatzen dugu, eta bideragarritasun plan bat egitea, gure lantegiaren eta lanpostuen etorkizuna bermatuko duena». Ehunka lagun manifestazioan Larunbatean Corrugados Azpeitia enpresaren etorkizuna argitzeko eskatuz manifestazioa egin zen Azpeitian; 600 lagunek baino gehiagok egin zuten protesta. Tartean, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Bilduko hainbat zinegotzi izan ziren. Plazan hasi, eta BBVAk herrian duen bulegoaren aurrean bukatu zuten. Langileen ordezkariek eragile eta herritarrei eskerrak eman zizkieten. Corrugados Azpeitiako langileak ekainaren 15etik greban daude eta abuztuaren 20tik itxialdian. ----------------------------------- Murrizketak salatzeko mobilizaziora deitu du Urola Kostako ELAk ELA sindikatuak deituta, dozenaka lagunek manifestazioa egin zuten joan den ostiralean Azpeitiko kaleetan, Espainiako Gobernuak egin dituen murrizketak salatuz. «Euskal Herrian etengabe murrizten ari zaizkigun giza eta langileen eskubideak» defendatu zituzten, eta hilaren 26rako LAB, EILAS, ESK, EHNE eta HIRU sindikatuekin eta beste eragile batzuekin batera egingo duten greba orokorrera deitu dituzte herritarrak. Urola Kostako ELA sindikatuak asanblada egin zuen ostiral goizean Azpeitiko Soreasu aretoan, eta ELAko Mikel Noval politika sozialen arduradunak egungo azterketa egin zuen bertan, eta «bestelako gizarte politikak» aldarrikatu zituzten. «Gobernuan dauden alderdi guztiak politika berdinak egiten ari dira. Guk diogu bestelako politika batzuk posible direla eta lege murritatzaileak ez ezartzeko. Jendearen alde egiteko eskatzen diegu», azaldu du ELAk. Sindikatuaren aukera, « bai enpresa eremuan eta bai gizarte arloan, pobreziara eramaten gaituzten neurriei aurre egitea da», azaldu dute Urola Kostako ELA sindikatuko ordezkariek. Hilaren 26rako grebarako dei egiterakoan, Urola Kostako ELAk mobilizatu beharra aldarrikatu du, «ez da egia leku askotatik saldu nahi digutena. Alegia, gauzak gaizki daudela, baina greba egiteak edo mobilizatzeak ez duela ezertarako balio. Alderantziz, ziur gaude jendea bere eskubideak defendatzeko eta borrokatzeko prest dagoenean, etorkizuna berea izango dela. Dagoena, jendeak aktiboki nahi duena izaten baita beti, lehenago edo beranduago». Sindikatuak Corrugados Azpeitiakoen egoera ere gogoan izan du, eta enpresak aurkeztutako kaleratzeen aurka «jo eta ke borrokan» ari direla azpimarratu du. Zentzu horretan, bide bakarra «mobilizazioa» delako, «hori da eredua eta ez dago besterik», gaineratu dute Urola Kostako ELAko ordezkariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide