Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Corrugados Azpeitiko langileen LAB eta ELAko ordezkariak Madrilen bilduta daude, Gallardo Taldeko buruekin. Langileek joan den astean aurreratu zutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiko arduradunak bilera lotzekotan ziren, "egoera desblokeatzeko" asmoarekin. Orduan, langileen sindikatuetako ordezkariak itxaropen handirik ez zuten erakutsi. Baina, bilera lotu zuten eta gaur (astelehena, irailak 10) goizeko hamarretarako zuten hitzordua. Joan den larunbatean enpresaren etorkizuna argitzeko eskatuz manifestazioa egin zen Azpeitian, ehunka lagunekin. Tartean, Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusia eta Ainhoa Etxaide LABeko idazkari nagusia izan ziren, baita Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea eta Bilduko hainbat zinegotzi ere. Azpeitiko plazan hasi eta herrian BBVAk duen bulegoaren aurrean bukatu zuten mobilizazioa, langileen ordezkariek han parte hartu zuten eragile eta herritarrei eskerrak eman zizkien. Corrugados Azpeitiako langileak ekainaren 15etik greban daude eta abuztuaren 20tik itxialdian.