
Ezkerretik eskuinera, Gorka Bordagarai zinegotzia (Bildu) eta Nika Lertxundi alkatea (Bildu), hondakinen inguruko hiru ekimenen aurkezpenean, herenegun (Amaia Ventas/Urola Kostako Hitza)
Getariako Udalak hondakinen kudeaketaren inguruko hiru ekimen jarriko ditu martxan. Helburua zero zabor bidean «sakontzea» da. Udal ordezkariek jakinarazi dutenez, Getaria gutxien birziklatzen duen Gipuzkoako herria da; %25eko birziklatze-tasa du, hain zuzen. Hori «kezkatzekoa» dela esan dute udaletik. «Horregatik, aurrerantzean tasa hori igotzeko pausoak emateko borondatea dugu». Horretarako, gainontzeko alderdi politikoei lankidetza eskatu diote. «Beste talde politikoak ere, egoeraren larritasunaz jabeturik, erantzukizunez jokatzera deitzen ditugu».
Ildo horretatik, hondakin organikoen bilketa bultzatuko du udalak. Egun, 250 herritarrek bereizten dituzte hondakin organikoak. Kopuru hori areagotze aldera, edukiontzi marroia erabili nahi dutenek udaletxean bertan eskatu ahalko dute aurrerantzean. Interesa duen orok bertara deitu, 943-89 60 24 telefono zenbakira, eta izena eman beharko du. Izena ematen dutenek deia jasoko dute udaletxetik, edukiontzia eta giltza jaso dezaten. Horrekin batera, hondakinak nola sailkatu eta bereizi behar diren azaltzeko bilera egingo dute izena eman dutenekin. Oraingoz, 20 pertsonek egin dute eskaera.
Era berean, udazkenen aldera auzo konposta abiatuko dutela aurreratu dute. «Auzo konpostarekin herritarrek etxetik bereizita ekartzen duten hondakin organikoa konpostean bihurtzen da. Auzokonposta esperientzia oso interesgarria dela deritzogu, organikoak zabortegietan sortzen dituen arazoak ekidin eta aprobetxagarri bihurtzen baititu», adierazi dute udal ordezkariek: «Gainera, bilketak eragiten dituen kostuak ere aurrezten dira».
Bestalde, Harritarten hainbat gai berezi biltzeko aukera ematen duen birziklatze etxola jarri dutela gogoratu dute. Getariako Udalak Urola Kostako Udal Elkartearekin elkarlanean abiatutako ekimena da honakoa, eta askotariko hondakinak bota daitezke bertara: pilak, erradiografiak, garbiketako produktuak, toner-ak, pinturak, autoko olioa, fluoreszenteak, aparatu elektriko txikiak, kontsumo baxuko bonbillak, merkuriozko termometroak eta olio begetala, besteak beste. «Egunerokotasunean etxean pilatzen ditugun gai bereziak modu egokian jaso nahi dira hauek zabortegian amai ez dezaten», argitu dute.
Herritarrak ekimen horietan parte hartzera deitu dituzte, «ingurumenarekin errespetuz jokatzea guztioi dagokigulako».