Igandeko estropadarako prest dira Getaria-Tolosa eta Zumaia traineruak

Getariako Hitza 2012ko irailaren 7a

Datorren igandean Kontxako Estropadako bigarren jardunaldia jokatuko dute Getaria-Tolosa eta Zumaia Salegi Jatetxea traineruek. Lehen jardunaldian eskualdeko bi taldeak bigarren eta hirugarren postuan sailkatu ziren; Getaria-Tolosa Galiziarrengandik bederatzi segundora iritsi zen  helmugara, eta Zumaiako emakumezkoen trainerua, berriz, galiziarrengandik hamalau segundora. Emaitzak ikusita, bi taldeetako entrenatzaileak esperantza galdu gabe prestatu dute igandeko estropada astean zehar. Getariarrek estropada «ona» Getaria-Tolosak pasa den asteko entrenamendu dinamika jarraitu du igandean, maila onena eman eta txanda irabazi ahal izateko. «Estropada ona egin genuen igandean. Trainerua azkar zebilen, baina ziaboga hartzerakoan egin genuen akatsak denbora asko galarazi zigun». azaldu du Angel Larrañagak, Getaria-Tolosako entrentzaileak. «Azken asteetan asko hobetu dugu gure maila, ontzia oso azkar dabil, eta gauzak ondo joanez gero lan bikaina egin dezakegula uste dugu. Dena dela, hankak lurrean ditugu. Arraunlariek badakite ontzia azkar dabilela, eta gure maila onena emateko gaitasun osoz gaudela; argi dugu ordea, 10 segundoko abantaila gainditzea zaila izango dela», dio tolosarrak. Getaria eta Tolosa taldeak aurten oso berandu hasi dira elkarrekin entrenatzen, eta horrek eragina izan du denboraldian zehar. «Euskotren Ligarako txartela izateak denboraldia lasaiago hartzeko aukera eman zigun hasieran. Hala ere, azkenean estropadak prestatzerako orduan erlojuaren kontra aritu gara, eta estropadak gainera etorri zaizkigu. Orain, ordea, oso momentu onean gaude, [...]

Getaria-Tolosako trainerua entrenamendua hasteko prest, herenegun (Amaia Ventas/Urola Kostako Hitza)

Zumaiako trainerua entrenatzen hasteko prestatzen, herenegun arratsaldean (Aiora Larrañaga/Urola Kostako Hitza)

Datorren igandean Kontxako Estropadako bigarren jardunaldia jokatuko dute Getaria-Tolosa eta Zumaia Salegi Jatetxea traineruek. Lehen jardunaldian eskualdeko bi taldeak bigarren eta hirugarren postuan sailkatu ziren; Getaria-Tolosa Galiziarrengandik bederatzi segundora iritsi zen  helmugara, eta Zumaiako emakumezkoen trainerua, berriz, galiziarrengandik hamalau segundora. Emaitzak ikusita, bi taldeetako entrenatzaileak esperantza galdu gabe prestatu dute igandeko estropada astean zehar.

Getariarrek estropada «ona»
Getaria-Tolosak pasa den asteko entrenamendu dinamika jarraitu du igandean, maila onena eman eta txanda irabazi ahal izateko. «Estropada ona egin genuen igandean. Trainerua azkar zebilen, baina ziaboga hartzerakoan egin genuen akatsak denbora asko galarazi zigun». azaldu du Angel Larrañagak, Getaria-Tolosako entrentzaileak. «Azken asteetan asko hobetu dugu gure maila, ontzia oso azkar dabil, eta gauzak ondo joanez gero lan bikaina egin dezakegula uste dugu. Dena dela, hankak lurrean ditugu. Arraunlariek badakite ontzia azkar dabilela, eta gure maila onena emateko gaitasun osoz gaudela; argi dugu ordea, 10 segundoko abantaila gainditzea zaila izango dela», dio tolosarrak.

Getaria eta Tolosa taldeak aurten oso berandu hasi dira elkarrekin entrenatzen, eta horrek eragina izan du denboraldian zehar. «Euskotren Ligarako txartela izateak denboraldia lasaiago hartzeko aukera eman zigun hasieran. Hala ere, azkenean estropadak prestatzerako orduan erlojuaren kontra aritu gara, eta estropadak gainera etorri zaizkigu. Orain, ordea, oso momentu onean gaude, eta gure maila ematen saiatu behar dugu».

«Hobekuntza» azken astean
Getaria-Tolosako arraunlariek, igandean lan ona egin zutela ohartuta, ilusioz hartu dute asteko prestaketa. «Kontxako Estropadak bi jardunaldi ditu, eta oraindik ez dago ezer erabakita. Ahal duguna egingo dugu txanda irabazteko; posible bada hamar segundo horiek jan, eta bandera etxera ekartzen ere saiatuko gara», adierazi du Ane Balentziaga arraunlariak. Izan ere, azken asteetan nabarmen hobetu dituzte denborak. «Denboraldian egin ez ditugun denborak egitea lortu genuen igandeko estropadan, eta hobekuntza nabarmendu da. Liga irabaztea zaila izango zela ikusi genuenean, Euskadiko Txapelketa eta Kontxako Estropada jarri genituen helburu bezala. Lehena irabaztea lortu genuen, eta bigarrenean maila ona eman eta estropada irabazten saiatuko gara», gehitu du Balentziagak.

Zumaiako arraunlariak prest
Zumaiako arraunlariak ere denboraldian zehar lortu dituzten emaitza onak oinarri hartuta, datorren igandean euren maila eman, txanda irabazi eta ahal bada bandera etxera ekartzen saiatuko dira . «Liga irabazi genuenez, jenden askok Kontxako Estropada irabazteko faborito moduan ikusten gintuen. Guk jakin bagenekien lehia gogorra izango zena, eta hainbat faktoregatik ez genuen gure maila onena eman. Igandean, horri buelta ematen saiatuko gara», azaldu du June Aranbarrik, Zumaia Salegi Jatetxea traineruko arraunlariak.

Astean zehar entrenatzen ongi pasatzen eta gozatzen saiatu dira zumaiarrak. «Kontxakoa estropada bat gehiago dela ulertzean dago gakoa. Arraunean gozatuz maila ona eman dugu orain arte, eta ildo hori jarraitu behar dugu igandean ere», gehitu du Oihana Erkizia arraunlariak.

———————————–

Kike Manterola (Aiora Larrañaga/Urola Kostako Hitza)

Kike Manterola. Zumaia Salegi Jatetxea traineruko entrenatzailea

«Arraunean gozatuz lortuko dugu gure maila ematea»

Denboraldi bikaina egin du Zumaia Salegi Jatetxea traineruak. 10 bandera irabazi dituzte denera eta pasa den igandean uste baino postu okerragoa lortu zuten Kontxako Estropadako lehen jardunaldian. Kike Manterola (Zumaia, 1970) entrenatzaileak pasa den igandeko estropada eta datorren igandean jokatuko dutena izan ditu hizpide.

Nola baloratzen duzu pasa den igandeko estropada?
Emaitza ikusita hasieran pentsatu nuen arraunean ez genula ondo egin, baina telebistan estropada berriz ikusi ondoren konturatu nintzen uste baino hobeto aritu ginela, baina kaleak ez zigula lagundu. Uste dut igandean gainontzeko traineruek denboraldian zehar emandako maila erakutsi zutela, gu izan ginen orain arteko joera galdu eta maila baxuagoa eman genuenak.

Igandeko emaitza ikusita zer antolamendu jarraitu duzu entrenamenduei dagokionean?
Aurrikusitako entrenamendua aldatzekotan izan nintzen hasieran, baina urtean zehar jarraitu dugun entrenamenduak gainontzeko estropadetan eman dituen emaitza onak ikusita, orain arte bezala jarraitzea erabaki nuen. Emaitza txar bat izan dugulako aldatzea arriskutsua iruditu zait.

Datorren igandean zein izango da zumaiarren helburua?
Ahal badugu txanda irabazten saiatuko gara eta estropadan zehar gauzak ondo irteten badira bandera irabazteko borrokatuko dugu, baina jakin badakigu oso zaila dela. Aste guztian zehar neskei arraunean gozatzeko nabarmentzen ari naiz, horrela lortuko baitugu gure maila ematea.

Nola daude animoz arraunlariak?
Igandean kolpea hartu genuen, ez genuelako emaitza hori lortuko genuenik espero. Astelehenean entrenamendu garaian hizketan aritu ginen eta ondoren oso entrenamendu ona egin genuen, denboraldiko hoberena izan zela esango nuke nik. Azken entrenamendu hauek ahal den ondoen egin eta igandeko estropadan gure maila ematea da gure asmoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide