Mahastien arkitektura

Aritz Mutiozabal 2012ko irailaren 6a

«Akuarelak eta paper gainean egindako margolanak erakutsi nituen duela 20 urte Torre Luzean. Orain, aretora itzultzean, teknika berarekin ekoitzitako lanak jarri nahi izan ditut erakusgai». Hastapenetara eginiko begirada dirudien arren, Maite Unzurrunzaga margolari eta arkitekto zarauztarrarentzat «garapen» nabarmena egon da ordundik hona. «Errealitatean oinarritzen banaiz ere, abstrakziorako joera hartu dut. Orain dela bi hamarkada ere abstraziorantz jotzen nuen, hari gidari hori jarraitzen bainuen, baina gaur egun nabarmenagoa dela iruditzen zait». Margolaritza abstraktua deigarria izan zaio betidanik. Dena dela, erreferente errealen edo figuratiboen «beharra» sentitzen duela aitortu du: «Arkitektoa naizelako edo, benetakoa den zerbait ikusi behar dut nire aurrean, bere neurriekin eta eskalekin. Gauza horiek ezin ditut burutik kendu eta bat-batean margotzen hasi». Beraz, oinarri figuratiboetatik abiatzen bada ere, azken emaitza abstraktu bihurtzen du. Margotzerakoan, gainera, ukitu intimoa ematen saiatzen da: «Hunkitzen nauen edo zerbait esaten didan erreferenteen inguruan magortzen dudalako izaten da hori.  Askok erreferenterik gabe lortzen dute, baina niri ezinezkoa zait». Oinarri errealen beharra izanda, abstrakziorantz jotzea aldrebes samar dirudi. Unzurrunzagak, ordea, argi du bere ikuspegia: «Margogintza figuratiboa ez zait interesatzen, erretratuekin egin daitekelako. Nahiago dut nire grafismoari ateak zabaldu». Zarauztik New Yorkera Azken urtean ekoitzitako akuarelak eta paper gainean egindako margolanak jarri ditu Torre Luzeako erakusketa berrian. Bi [...]

Getaria aldeko mahastien inguruko hainbat margolan egin du margolari zarauztarrak (Argazkilaria: Maite Unzurrunzaga)

«Akuarelak eta paper gainean egindako margolanak erakutsi nituen duela 20 urte Torre Luzean. Orain, aretora itzultzean, teknika berarekin ekoitzitako lanak jarri nahi izan ditut erakusgai». Hastapenetara eginiko begirada dirudien arren, Maite Unzurrunzaga margolari eta arkitekto zarauztarrarentzat «garapen» nabarmena egon da ordundik hona. «Errealitatean oinarritzen banaiz ere, abstrakziorako joera hartu dut. Orain dela bi hamarkada ere abstraziorantz jotzen nuen, hari gidari hori jarraitzen bainuen, baina gaur egun nabarmenagoa dela iruditzen zait».

Margolaritza abstraktua deigarria izan zaio betidanik. Dena dela, erreferente errealen edo figuratiboen «beharra» sentitzen duela aitortu du: «Arkitektoa naizelako edo, benetakoa den zerbait ikusi behar dut nire aurrean, bere neurriekin eta eskalekin. Gauza horiek ezin ditut burutik kendu eta bat-batean margotzen hasi». Beraz, oinarri figuratiboetatik abiatzen bada ere, azken emaitza abstraktu bihurtzen du. Margotzerakoan, gainera, ukitu intimoa ematen saiatzen da: «Hunkitzen nauen edo zerbait esaten didan erreferenteen inguruan magortzen dudalako izaten da hori.  Askok erreferenterik gabe lortzen dute, baina niri ezinezkoa zait».

Oinarri errealen beharra izanda, abstrakziorantz jotzea aldrebes samar dirudi. Unzurrunzagak, ordea, argi du bere ikuspegia: «Margogintza figuratiboa ez zait interesatzen, erretratuekin egin daitekelako. Nahiago dut nire grafismoari ateak zabaldu».

Zarauztik New Yorkera
Azken urtean ekoitzitako akuarelak eta paper gainean egindako margolanak jarri ditu Torre Luzeako erakusketa berrian. Bi ataletan banatuta dago erakusketa: alde batetik, Zarautz eta bere inguruak daude, eta bestetik, berriz, New York. Bi zonalde ezberdin, baina biak ala biak oso gustukoak artistarentzat.

Sorterriko mahastiak eta txakolinaren kultura oso presente ditu erakusketan. «Madrilen bizi naiz orain dela 30 urtetik, eta etxera itzultzerakoan asko gustatzen zait Zarautz eta Getaria arteko mendi ibilbidea egitea, Santa Barbaratik Askizu aldera. Inguru horrek sekulako aldaketa eman du txakolinaren ekoizpenaren gorakadarekin. Lehen mahasti bakan batzuk ikusten ziren, baina egun beteta dago, eta, egia esan, oso gustuko dut paisaia horren arkitektura». Horrez gain, Zarauzko hondartza, Zumaiako flysch itsaslabarrak eta Donostiako portua ere margotu ditu.

Apirilean, ozeanoa zeharkatu eta New Yorken pasatu zituen hamabost egun. Bertan jasotako «apunteak» ere bildu ditu: «Paisaia hiritarrak dira. Manhattango kaleetan margotzen hasi nintzen, eta, ondoren, gehienak bueltan bukatu ditut». Sail horretan, besteak beste, Central Parkeko eta Staten Island-era joan-etorria egiten duen ferrytik hartutako irudiak daude. Guztira, 30 argazki inguru jaso ditu, eta horietatik 10 dira New York oinarri dutenak.

Gustuko proposamena
Erakusketa abuztuan zehar ikusteko aukera izan da, eta irailaren 16a bitartean egongo da zabalik. Orain arte, harrera ona izaten ari dela aditzera eman du margolari zarauztarrak: «Oso gustura nago. Opor sasoian izanda, gehien bat kanpotarrek eta turistek bisitatuko zutela pentsatzen nuen. Baina, uste baino jende gehiago gerturatu da erakusketa ikustera; tartean, herritarrak eta ezagunak ere badira». Horrez gain, bere gremioko edo sektoreko jendeari «asko gustatu» zaie Unzurrunzagaren proposamen piktorikoa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide