ZARAUZKO EUSKO ALKARTASUNAK GUREKIN JAIRI:
Irailaren 3an, Gurekin Jai Festa Batzordearen izenean, Gurutze Ostolaza-k bidalitako idatziari erantzuteko beharrean aurkitu da Zarauzko Eusko Alkartasuna.
Jakina den bezela, abuztuaren 25ean, Zarauzko Rugby Taldearen eskutik, Amaral-en kontzertua iragarrita zegoen. Eva Amaral-en azken orduko ondoezagatik emanaldiak bertan behera gelditu behar zuela adierazi zitzaien momentu hartan bilduta zeuden antolatzaile eta herriko ordezkariei, Juan Luis Illarramendi alkatea eta Karmele Alberdi, turismoko zinegotzi arduraduna han zirelarik. Egoera horren aurrean ahalik eta erabaki zuzenena hartu behar izan zen, kontuan izanik kontzertura pertsona kopuru handi bat gerturatu zela eta erantzun zehatz bat eman behar zitzaiela, hauek etxera ahalik eta giro baretuenean joan zitezen.
Hartutako erabakia abuztuaren 31rako atzeratzea izan zen, kontuan izanik Zarauzko Rugby Taldeak izan zitzazkeen ondorio larriak eta Gurekin Jai Festa Batzordearekin akordio batetara iritsiko zirela sinistuta, ez “herriko ergel haundienak” direla pentsatuaz baizik eta herriko bi eragile garrantzitsuen arteko ulermena eta elkartasuna arazoa gainditzeko balio izango zuelakoan, gero hala gertatu den bezela. Zentzu horretan EA-k zoriondu egin nahi du Gurekin Jai Festa Batzordea arazoaren konponbidean egindako esfortzu eta lanagatik.
Hori esanda, ez ditugu ontzat hartzen Alkateari eta Turismoko Zinegotzi arduradunari egindako kritika zorrotzak. Zarauzko Eusko Alkartasunatik gure babes osoa adierazi nahi diegu, arazo baten aurrean, irtenbide egokiena aurkitzeko egin duten lanagatik. EA-k gogoratu nahi du, Gurekin Jai-rekin BILDUk orain arte izandako jarrera; luzatu diren eskaerei bide eta laguntza ematen, neurri gabeko akusazioak izan direnean babesa adierazten eta kasu zehatz honetan salbuespeneko kokagune egoki bat proposatuaz. Ez Alkateak, ezta gobernu honetako inongo zinegotzirik ere, ez dio izkin egiten Gurekin Jai-ren programazioari bere osotasunean garatua izango delako, adostu den behin behineko kokaleku berrian.
Zarauzko Eusko Alkartasunak txalotu nahi ditu herriko eragile desberdinek herrian antolatzen dituzten ekimen guztiak, beti ere arduraz eta zentzuz burutzen direnean, hauek Zarautzek duen bizia adierazten dutelako eta era berean herria suspertzeko motoreak izan daitezkelako. Guzti hau ez da Alkateak lehenetsi izan duen ekitaldi bat, BILDUko udal taldeak baimendutako kontzertu bat gehiago baizik, bere garaian beste batzuk baimendu dituen bezala, gertuko adibidea Rosario Flores-en kontzertua, Zurekin-ek antolatua. Tamalgarria da, Gurutze Ostolazak, Gurekin Jai-ren izenean, zuzendutako idatzian, “egoera ulertu” egiten dela esan eta hala ere BILDUko bikideei egurra ematea.
Azkenik EA-k ez du argitu beharrik presoen giza eskubideen aurrean beti izan duen, daukan eta izango duen jarrera. Zarauzko Eusko Alkartasunak adierzi nahi du Turismoko Bulego zuzendaritzan bozketa egiteko garaian BILDUko ordezkaria dela bertan parte hartzen duena eta azalpen bat eskatzekotan guk osatzen dugun koalizioari zuzendu beharko zaio.
Bukatzeko, Euskal Jaia festa giroan, alai eta umorez pasatzeko deialdia luzatu nahi dugu, Txosna Guneaz gozatu, beti ere bizi lagunen atsedena errespetatuz.