Gaur arratsaldeko 19:00etan hasiko dira ofizialki Zestoako amabirjinak. Zestoako Herrira herri ekimenekoen eskutik hasiko dira festak, plataformako kideek botako baitute txupinazoa udaletxeko balkoitik. Segidan, herriko musika bandaren, buruhandien eta txistularien kalejira izango da.
Txupinazoaren aurretik, Gazteen III. Pilota Txapelketako finalak jokatuko dira frontoi zaharrean, 17:30ean hasita. Benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako pilotariak ariko dira nor bainonor txapelaren bila. Benjaminetan Andreu eta Olaizola Zigaran eta Alonsoren kontra ariko dira; alebinetan, Odriozola eta Alberdi Salegi-Zunzunegiren aurka; infantiletan, Miranda eta Alberdi Usandizaga eta Oiarbide aurkari dituztela; eta, kadeteetan Adonis Salegiren kontra.
Gazteen txapelketa Zestoako Pilota Taldeak antolatu du, eta Zestoako, Azpeitiko eta Andoaingo 40 pilotarik hartu dute parte. Pilota partidak ikusten ere jende asko bildu da frontoi zaharrean, eta horregatik gustura daude antolatzaileak.
Pilota jardunaldiaren ondoren etorriko da txupinazoa gaur, eta gero Arraun, arraun… guztiak herrira ekartzera goaz lelo duen ekimena egingo dute. 21:00etan, berriz, preso eta iheslari politikoen aldeko afaria egingo dute, eta bertan senideak omenduko dituzte. Gaurko festa eguneko azken ekitaldia Ai ene! taldearen kontzertua izango da, Laranjadi plazan.
Bihar, paella lehiaketa
Biharko jai eguna Idiakaitz Txistulari Taldearen kalejirarekin hasiko da. Eguerdia gerturatu ahala, paella lehiaketan parte hartuko duten koadrilek prestaketak hasiko dituzte. Lehiaketa urteroko baldintzetan egingo da aurten ere. Eta, taldeak paellak prestatzen ari diren bitartean, Skandalue elektrotxaranga ibiliko da herriko kaleetan. Musika taldea egun guztian zehar ibiliko da festa egunari doinua jarriz.
Paellarik onena aukeratzeko epaimahaia 14:30ean pasatuko da, eta segidan herri bazkaria hasiko da herriko plazan. Bazkalondoan, berriz, koadrillen arteko jolasak jokatuko dira, hauek ere plazan.
19:30ean, meza izango da parrokian, bertako abesbatzak abestuta, eta jarraian Ama Birjinari Salbea.
22:00etan, berriz, profesionalen arteko pilota jaialdia izango da. Aurrena, Lasa eta Cecilio Ezkurdia eta Peñagarikanoren aurka ariko dira eta ondoren, Titin III.a eta Merino II.a Xala eta Laskurainen kontra aritzekoak ziren. Baina azken orduko aldaketak egon dira: Xalaren ordez Oinatz Bengoetxea ariko da, eta Merinoren ordez Aitor Zubieta. 23:00etan, Oihan Vega izango da musika jartzen, Laranjadi plazan.
Asteburuan, bi zekorketa
Zestoako zezenzale taldeak antolatuta bi zekorketa izango dira aurtengo amabirjinetan: aurrenekoa larunbatean, Amabirjin egunez, eta bigarrena igandean. Biak 18:00etan hasita, herriko plazan. Adolfo Rodriguez Montesinos ganadutegiko zekorrak toreatuko dituzte bi jardunaldietan. Larunbatean, Alejandro Fermin Sanchez Martin toreatzailea jardungo da eta igandean, Amor Rodriguez Moreno.
Zekorketen aurretik, ohi bezala, herriko musika bandak Amparito Roca pieza joaz hasiko du kalejira Erdikaletik. Baina, aurten zekorketen kontrakoek ez dute elkarretaratzerik egingo bertan, hala adierazi dute Muu herri ekimenekoek. «Zoritxarrez, beste behin ere, lau zekor heriotzaraino torturatuak izango dira herriko plazan. Ankerkeria honek festetan lekua izaten duen bitartean, guk ere gure aurkako postura erakusten jarraituko dugu. Dena den, azken hilabeteetan sortutako giroa ikusita eta elkarbizitzaren mesedetan, aurten Erdikaleko elkarretaratzea ez egitea erabaki dugu», esan dute Muukoek kaleratutako oharrean. Baina, elkarretaratzerik egingo ez badute ere, haien zekorketen kontrako salaketa kalean izango dela aurreratu dute, kartelak-eta jarrita.
Aurten ere, Zestoa kantuz
Asteburuan, Amabirjin egunez eta igandean bestelako hainbat ekitaldi ere antolatu dute festetan. Larunbatean, goiz eta arratsaldez haurrentzako jolas parkea jarriko dute eta 18:00etan, Errimak oinetan ikuskizuna izango da kiroldegian. Ondoren, 20:30ean, Zestoa kantuz ekimena izango da, Erdikalean. Iaz egin zuten aurreneko aldiz eta hari segida emateko antolatu dute oraingoan.
Igandean, berriz, txistularien eta dultzaineroen kalejiraren ondoren, zarata festa eta kalejira egingo dute hainbat talde eta musikariren parte hartzearekin. Ondoren, zezen bolaztatuak eta poniak izango dira, haur eta gaztetxoentzako plazan. 14:30ean, berriz, haur eta gurasoen arteko bazkaria da eta 18:00etan haurrentzako Jakin eta Jolasen Ipar poloan bero, dantzatuz gero! ikuskizuna izango da kiroldegian.
Dantza eta doinu afrikarrak
Igande arratsaldean, Amabirjin jaietako ekitaldiei bukaera emateko, dantza eta doinu afrikarrekin lotutako hiru ekitaldi izango dira, 19:45etik aurrera. Aurrena, dantza afrikarren ikastaro irekia izango da. Gero, Amalurraren taupada dantza afro-garaikidearen ikuskizuna eta 22:45ean, berriz, Enekoraren emanaldia, kora arpa afrikarrarekin, ahotsarekin eta irudiekin osatutako ikusentzunezkoa.
Egitaraua
Irailak 6, gaur
-17:30. Gazteen III. Txapelketako finalak.
-19:00. Zestoako Herrira plataformako kideek txupinazoa botako dute udaletxetik. Ondoren, herriko banda, buruhandi, txistulari eta abarren kalejira.
-Ondoren. Arraun, arraun… guztiak herrira ekartzera goaz ekimena.
-21:00. Preso eta iheslarien aldeko afaria eta senideei omenaldia.
-00:00. Ai Ene! taldea, Laranjadi plazan.
Irailak 7, bihar
-10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
-12:30. Paella lehiaketarako prestaketak hasiko dira. Skandalue elektrotxaranga egun guztian zehar. Antolaketa urtero bezala izango da. Izen-ematea eta txartelak tabernatan.
-14:30. Paella lehiaketako epaimahaia pasako da. Ondoren, herri bazkaria plazan.
-17:00. Kuadrilla arteko jolasak, plazan.
-19:30. Meza Parrokiko Abesbatzarekin eta jarraian Ama Birjinari Salbea.
-22:00. Profesionalen arteko pilota jaialdia: 1) Lasa – Cecilio / Ezkurdia – Peñagarikano 2) Titin III – Merino II / Bengoetxea– Laskurain (Azken binakako txapelketako finala).
-23:00. Oihan Vega, Laranjadi plazan.
Irailak 8, larunbata
-09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
-10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
-11:00. Zestoako Musika Bandaren eta Idiakaitz Txistulari Taldearen kalejira, Goizeko izarra martxaren doinuekin.
-12:00-14:00. Jolas parkea umeentzat.
-12:00. Meza Nagusia, Parrokiko Abesbatzarekin.
-13:15. Zestoako Bandaren kontzertua.
-17:00-20:00. Jolas parkea umeentzat.
-17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, lehen zekorketa iragarriz.
-18:00. Lehen zekorketa. Toreatzailea: Alejandro Fermin Sanchez Martin. Ordezkoa: Emilio Salamanca Gomez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo). Ondoren, zezen bolaztatuak.
-18:00. Errimak oinetan ikuskizuna, kiroldegian.
-19:00. Zestoako Bandaren pasodoble saioa, Erdikalean.
-23:30. Egurra ta Kitto eta Eingo Al Deu? taldeen kontzertuak, Laranjadin.
Irailak 9, igandea
-09:00. Zestoako dultzaineroen diana.
-10:00. Idiakaitz txistulari taldearen diana.
-11:00. Zarata Festa eta kalejira Erdikalean hasita; Haurren Udalbatzak, udaltzainak, buruhandiak eta abar izango dira bertan, Idiakaitz txistulari taldeak lagunduta. Ondoren, herriko umeek suziria botako dute udaletxetik.
-13:00. Zezen bolaztatuak eta pottokak, ume eta gaztetxoentzat.
-14:30. Ume, gaztetxo eta gurasoentzat bazkaria.
-17:30. Herriko bandaren, dultzaineroen eta txistularien kalejira, bigarren zekorketa iragarriz.
-18:00. Jakin eta Jolasen, Ipar poloan bero, dantzatuz gero!, umeentzako ikuskizuna, kiroldegian.
-18:00. Bigarren zekorketa. Toreatzailea: Amor Rodriguez Moreno. Ordezkoa: Emilio Salamanca Gomez. Ganadutegia: Adolfo Rodriguez Montesinos (Oropesa, Toledo).
-Ondoren. Zestoako Bandaren pasodoble emanaldia Erdikalean.
-20:00. Apar festa, Frontoi Zaharrean.
-19:45. Dantza ekitaldi bikoitza, Laranjadi plazan:
- 19:45: Dantza afrikar ikastaro irekia (Guinea Conakry), Laranjadi plazan. Dantza: Oihana Varela – Marta Gonzalez. Perkusioa: Pierre Koly Camara.
- 20:00: Amalurraren taupada, dantza afro-garaikide ikuskizuna. Koreografia: Oihana Varela. Dantza: Oihana Varela – Marta Gonzalez. Biolontxeloa: Karina Carmona. Perkusioa: Pierre Koly Camara. Animatu zaitez dantza afrikarraz eta kulturaz gozatzera!
-20:45. Enekora ikuskizuna. Kora (harpa afrikarra) ahotsez eta irudien proiekzioez osaturiko kontzertua. Eneko Larrañaga.
