Trenaren museoa fundazioak erakusketa ireki du Gasteizen

Nerea Uranga 2012ko ira. 6a, 11:10

[/caption] Azpeitiko Burnibidearen Euskal Museoa Fundazioa atzotik Green Capitalen ekimenetan parte hartzen ari da, Gasteizen, Burnibidearen 150 urte Euskadin izenburu duen erakusketarekin. Atzo inauguratu zuten erakusketa Gasteizko Eskoriatza-Eskibel jauregian, eta bertan parte hartu zuen Maitane Ostolaza Azpeitiko museoaren zuzendariak. Erakusketa gaur irekiko da jendearentzako, eta urriaren 18ra arte egongo da zabalik. Burnibidearen Euskal Fundazioak azaldu duenez, «burnibideak Euskadin osatu duen historia ezagutzea, eta Azpeitiko museoan zainduta dagoen euskal burnibide-ondareari balioa ematea» dira erakusketaren helburu nagusiak. Hura osatzeko Azpeitiko museoan gordeta eta bilduta dagoen hainbat material eraman dute Gasteizera: objektuez gainera, argazkiak eta dokumentuak, besteak beste. Green Capitalen baitan erakusketa antolatzeko joan den abuztuaren 13an trenaren museoko zuzendariak lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Gasteizko Udaleko arduradunekin. Azpeitiko museora bisitan Horrez gain, atzotik ostiralera bitartean Gasteizko Europa jauregian Renfek antolatuta Burnibidearen Historiari buruzko IV. Biltzarra egiten ari da. Biltzar horretan, Euskotrenen bidez Burnibidearen Euskal Museoa Fundazioak parte hartuko du. Biltzarreko partaideak gaur arratsaldean Azpeitiko Burnibidearen museoa bisitatuko dute. «Biltzarrean landuko den atal bat burdinbidea eta ondarea da, eta horren baitan biltzarreko parte-hartzaileek Azpeitiko museoa ezagutzera etorriko dira. Biltzarrean parte hartzen ari direnak trenaren espezialistak dira», azaldu du Ostolazak. Lehiaketaren azken egunak Azken hilabeteotan, burdinbidearekin lotutako Trenbidea I. Argazki Lehiaketa du martxan Burnibidearen Euskal Museoa Fundazioak. Azpeitiko Argazki Elkartearekin elkarlanean antolatutako ekimena da.  Lehiaketara aurkezteko irudien gaia Euskal Herriko tenbide sarearen trenak da. Argazkiak kamara digitalarekin ateratakoak izan behar  dute, nahi den teknika erabilita. Lanak aurkezteko azkenengo eguna irailaren 21a izango da eta CD batean Burnibidearen Euskal Museoa Fundaziora bidali beharko dira (Julian Elorza hiribidea 8, 20730 Azpeitia). Hiru sari banatuko dituzte irabazleen artean: irabazleari, 800 euro eta diploma emango diote; bigarrenari, 500 euro eta diploma; eta, hirugarrenari 300 euro eta diploma. Epaimahaiak burnibidearen museoko fundazioak izendatuko du, eta erabakia urrian jakinaraziko du. Aurkeztutako guztien artetik hiru sarietarako 50 argazki finalista aukeratuko dituzte, eta hauekin erakusketa bat osatuko dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide