Gaur arratsaldeko 19:00etatik aurrera aurkeztuko dute Orioko Kultur Etxean Orioko hondartzen inguruko azterketa. Ikerketa Nerea Argote eta Jon Azpiroz topografoek egin zuten iaz, Euskal Herriko Unibertsitateko Gasteizko Ingenieritza Eskolako azken urteko ikasleak zirela. Eta Geomorfologian doktore eta EHUko Ingenieritza Eskolako Topografia irakasle Jose Miguel Edeso irakaslea izan da ikerketaren zuzendaria.
Ikerketa Edesok 1990ean egin zuen doktoretza tesiari jarraituz osatu dute. 1987 eta 1989 urte bitarteko datuak hartu zituen orduan doktoreak, eta horiek gaur egungo datuekin alderatuz Orioko hondartzen bilakaera aztertu dute.
Ikerketa prozesua
Argote eta Azpiroz topografoek hondartzako laginak jaso dituzte. GPSaren bidez neurketak egin dituzte, eta ondoren, haizea, olatuak eta korronteak aztertu dituzte, hondarraren bilakaera ezagutzeko.
Ikerketa EHUko ikasleek egin badute ere, Orioko Udalarekin elkarlanean egindako azterketa izan dela narbarmendu dute. Izan ere, Udala azken urtetan kezkatuta agertu da Orioko hondartzek, batez ere Antilla hondartzak izan duten bilakaerarekin. Gainera, Surf Elkarteak eta Herrio Natur Taldeak ere hondartzen egoera aztertzeko beharra azaldu izan die askotan Udalari.
Udalak ikerketaren emaitzak gizarteratzeko gastuak bere gain hartuko ditu.
Nerea Argote Etxabe. Topografoa
«1989ko datuekin alderatuta, bikoiztu egin da hondar alearen tamaina»
Nerea Argote Etxabe (1987, Zarautz) topografoa izan da Orioko hondartzaren azterketa egin duten ikertzaileetako bat.
Zer dela eta aukeratu zenuten Orioko hondartza aztertzea?
Pasa den ikasturtean nik eta Jon Azpiroz leitzarrak Topografia ikasketen amaierako proiektua aukeratu behar genuen, eta hondartzei buruzko proiektuak gustatzen zitzaizkigunez, Geomorfologian doktore Jose Miguel Edeso irakaslearengana jo genuen. Hark proposatu zigun Orioko hondartzaren inguruko azterketa egitea, berak
1989an Orioko hondartza aztertu zuenez, denbora horretan gertatu diren aldaketak ikusi nahi baitzituen.
Orioko hainbat eragile hondartza aztertzeko eskatzen ari zitzaion Udalari.
Surf Elkartea eta Herrio Natur Elkartea ziren Oriok Udalari hondartza azter zezala eskatzen ari zirenak. Haiekin harremanetan jarri ginen eta konturatu ginen eurek egin nahi zuten azterketa, gure proiektuaren hildo beretik zihoala. Hortik abiatuta eragileekin eta Orioko Udalarekin elkarlanean hasi ginen.
Zein izan da jarraitu duzuen azterketa prozesua?
Guk hondartzaren azterketa morfotopografikoa eta granulometrikoa egin dugu; hau da, alde batetik hondartzaren erliebearen forma eta egitura aztertu dugu eta bestetik sedimentu-arroken elementuen banaketa ikertu dugu tamainaren arabera. Froga guztiak eguraldi onarekin, txarrarekin eta denboralea izan ondoren egin ditugu. Adibidez, konturatu gara olatu handiak izaten direnean asko okertzen dela hondartza.
Zein aldaketa izan ditu Orioko hondartzak azken urteetan?
Hondarraren tamaian asko handitu izana da aldaketa nabarmenena. Herriko eragileek komentatu ziguten herritarrak kexatzen hasiak direla hondar aleak handiegiak direlako eta harriak bihurtzen ari direlako. Gure azterketaren arabera 1989tik bikoiztu egin da hondar alearen tamaina. Horretaz gain, ikusi dugu mendebaldean aurrekaldetik hondar asko galtzen duela hondartzak eta 1989ko datuekin aldetratuz gero ikus daiteke hondartzaren aurrekaldean dagoen aldapa gero eta handiagoa dela.
Aldaketa horiek gizakiaren eraginaren ondorioa al dira?
Aldaketen arrazoiak zein diren aztertu dugu eta hipotesi batzuk atera ditugu; horiek azalduko ditugu gaur iluntzeko hitzaldian. Gure iritziz, hondartzan gertatu diren aldaketa asko gizakiak inguruan egin dituen azpiegituren ondorio dira; izan ere, korronteak aldatzen direnean hondartzaren ziklo naturala ere aldatu egin da eta hondartzak okerrera joan liteke ezer egiten ez bada.