Orioko Zero Zabor taldeak herrian autokonposta egitea proposatu du

Urola Kostako Hitza 2012ko irailaren 5a

[/caption] Orioko Zero Zabor taldeak esaterako erronka jarri nahi dio herriari: «50 familik autokonposta egin baietz!». Modu horretan autokonpostaren aldeko apustua egin eta eta ahalik eta material organiko gehien konposatzea da  taldearen helburua. Zero zabor filosofiak birziklatzeaz gain, herritarrek eurek sortzen dituzten hondakinak gutxitzea, ohitura jasagarriak sustatzea eta ingurugiroarekiko errespetua hedatzea ditu ardatz; murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea dira euren lan ildoa. Hori lortzeko Urola Kostako herrietako Zero Zabor taldeek askotariko ekimenak abiatu dituzte azken hilabeteetan; hondakin bilketa sistema egokiena aztertzeko mahai inguruak eta kontzientziazio kanpainak, besteak beste. Autokonpostarako lau eremu Autokonposta proiektua aurrera eramateko Zero Zabor taldeak hasiera batean lau konpostagailu jartzeko proposamena egin du. «Dikeko parkea, Iturbide kalea, Oria ibai ondoko pasealekuan futbol zelai ondoan dagoen berdegunea, eta hondartza atzeko zelaia. Dena dela, lekuak behin-behinekoak dira. Parte hartu nahi duten familien eta bizilekuaren arabera autokonpostagailuen kokapena aldatu daiteke». Autokonposta ekimenean parte hartu nahi duten familiek edo norbanakoek Orio Zero Zabor taldearekin jarri behar dute harremanetan. Horretarako oriozerozabor@gmail.com helbide elektronikora idatzi dezakete herritarrek. Zer da autokonposta? Orio Zero Zabor taldeko kideek konpostaren inguruko hainbat gai argitu dituzte: «Konposta egitea sukaldeko eta lorategi edo baratzeko hondakin organikoak landareentzat ongarri bihurtzea da. Etxe inguruan konposta eginez elikadura hondarrak eta sukaldeko hondakinak birzikla daitezke». Autokonposta egiteko hondakin organikoak eremu jakin batzuetan biltzen dira. «Modu horretan etxetik atera gabe, erraustegian erreko litzatekeen hondakin kantitatea gutxitzen da, eta hondakinen garraioan energia aurrezten da». Zenbait jendek uste du autokonposta herrian bertan egiteak usain txarra sortzen duela eta euliak erakartzen dituela. Zero Zabor taldetik azaldu dutenez, ordea, uste hori okerra da. «Izan ere, materia hezea eta materia lehorra neurri berean botata, eta modu egokian nahasita konpost-metaren tenperatura asko igotzen da. Modu horretan konpostagailuak ez du usain txarri sortzen, eta ez du eulirik erakartzen». ----------------------------- Autokonposta. Oinarrizko lau arau 1. urratsa. Konpostagailua zuzenean lurraren gainean jarri behar da. Modu horretan material organikoa desegiten denean, sortzen den zukua lurrera isurtzen da eta hori aberasgarria da landareriarentzat. 2. urratsa. Material heze eta lehor bolumen bera nahastu behar da. - Material hezea etxean sortzen den hondakinak eta landareen atal samurrek osatzen dute. - Material lehorra hostoak, belar lehorra, inausketa hondarrak, lastoa eta zerrautsa dira. 3. urratsa. Konpostagailuan metatutakoa nahastu egin behar da. Nahastean goiko geruza irauli behar da. Modu horretan aireztatu egiten da, eta hondakin organiko geruzak ez dira trinkotzen. 4. urratsa. Metatutako material organikoa ez da lehortu behar. Ureztatzen denean hedatzailearekin egin behar da, ura ondo bana dadin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide