Galiziak bederatzi segundotik gora atera dizkie eskualdeko traineruei

Urola Kostako Hitza 2012ko irailaren 4a

Arraun munduko urteko estropada garrantzitsuenaren lehen jardunaldia jokatu zen Donostiako uretan herenegun. Aurten gizonezkoen mailan ez da eskualdeko ordezkaririk izan, pasa den ostegunean jokatu zen sailkapen frogan; Orio 10. postuan sailkatu zen, Getaria eta Zumaia 16. eta 17. postuan, hurrenez hurren, eta Zarautz 21.a izan zen. Hala ere, Urola Kostak badu ordezkaririk urteko estropadarik ospetsuenean, Getaria-Tolosa eta Zumaia sailkatu baitziren Kontxako estropadara. Osteguneko sailkapen estropadan Zumaia lehen postuan sailkatu zen, eta Getaria-Tolosa, berriz, bigarrena izan zen. Dena dela, igandeko estropadan emaitzak buelta eman zuen, eta galiziarrak izan ziren lehen postuan sailkatu zirenak. Amaiera arte, borroka Jabier Etxabe Getaria-Tolosa taldeko ordezkariak azaldu duenez, bederatzi segundoko aldea handi samarra bada ere, taldeak amaiera arte egingo du «borroka». «Estropada amaitu arte ezin da jakin zer gertatuko den. Uretan edozer pasa liteke, itsaso zakarrak, galiziarrek egun txarra izateak, egoera alda baitezakete». Iritzi berekoa da Zumaiako Arraun Elkarteko presidente Luis Mari Goikoetxea Goiko ere. «Amaiera arte egin behar da borroka estropadetan, eta Zumaiako emakumezkoen taldea ahal duen mailarik onena ematen saiatuko da igandean, bandera irabaztea oso zaila bada ere denborei dagokionean diferentzia txikitzeko». Jardunaldiko balorazioa Etxaberen iritziz, igandean lan erditan okertu zitzaion Getaria-Tolosa traineruari estropada.«Estropadako lehen luzea ongi egin genuen, eta galiziarren aurretik iritsi ginen ziabogara. Ziabogan, ordea, pasatu egin ginen. Haien atzetik atera ginen ziabogatik, eta une horretan hautsi zen estropada. Lan ona egin genuela uste dugu, baina hobetu genezake», azaldu du Etxabek. Bestalde, galiziarren traineruak zumaiarrei atera zizkieten 14 segundoren aurrean Goikoetxeak uste du emaitza txarrak onartzen jakitea kirolaren parte  dela. «Trainerua hasieratik deseroso sentitu zen, eta urduritasunak eta presioak arraunketan eragina izan zuen. Normalean minutuko 36 arraunkadako erritmoan aritzen gara, eta igandean bizi samar egin zuten arraunean neskek, 38 palakadatara iristeraino». Horregatik, datorren igandean arraunlariak orain arte denboraldian egindako maila ematen saiatuko direla azaldu du. Galiziarrak lau urtez garaile Duela lau urte Emakumezkoen Kontxako Estropada abiatu zenetik galiziarrek irabazi dute urtero Kontxako Bandera. Aurtengoan  Euskotren Ligan Zumaia Salegi jatetxea traineruaren atzetik sailkatu dira galiziarrak, baina Donostiako estropadan oso indartsu daudela erakutsi dute. Getaria-Tolosako ordezkari Etxaberen iritziz, balorazioa egiterakoan galiziarren taldearen izaera kontutan izan behar da. «Galiziarrena selekzio bat da. Galizia osoko eta beste hainbat lurraldetako arraunlariek osatzen dute taldea. Beraz, hemen inguruko taldeak ez gaude haien egoera berean». -------------------------------------- Orio B traineruak KAE1 Ligan jokatzeko txartela lortu du Orio B traineruak KAE1 Ligan jokatu ahal izateko play off-a irabazi du asteburuan eta datorren denboraldian KAE1 Ligan jokatzeko aukera izango du. Jose Luis Agirrek zuzendutako Orio B ontziak 158 punturekin KAE2 Ligako bigarren postuari tinko eutsi dio denboraldian zehar eta indartsu eta gogoz jokatu dute asteburuko norgehiagoka. San Pedro B eta Hondarribia B traineruak izan ditu aurkari Oriok eta lehia irabazi ondoren KAE1 Ligan jokatzeko aukera izango dute oriotarrek, Orioko Arraun Elkarteko traineru nagusiak play off-ean TKE Ligan jokatzeko txartela lortzen badu. Arraun Elkarte bereko bi traineruek ezin dute liga berean jokatu eta horregatik, Orio B taldea, Orioko traineru nagusiak irailaren 15ean eta 16an jokatuko duen play off-aren emaitzaren zain izango da adi-adi. ------------------------------------ Traineru estropadak. Arraun hitzorduak -Irailaren 9an, igandean. Getaria-Tolosa eta Zumaia Salegi Jatetxea traineruek Kontxako Estropadako bigarren jardunaldia jokatuko dute. -Irailaren 15ean eta 16an. Oriok, Zumaiak, Santurtzik eta Amegrovek 2013an TKE Ligan aritzeko txartela izango dute jokoan. Bi traineru sailkatuko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide