Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udaleko Hezkuntza Sailak hastera doan ikasturtean herrian ikastaroak emateko proposamenak jasoko ditu irailaren 14a artean. Eskaera udaletxeko sarrera erregistroan egin behar da, eta baita proiektuak aukeztu ere.
Udalak proiektu edo proposamen guztiak jaso ondoren balorazioa egingo du. Aukeratzeko orduan kontutan hartuko dituen baldintzak zeintzuk diren zehaztu du: Ikastaroa emango duenak titulazio egokia edota lan esperientzia izatea; zerbitzu hori herrian beste toki batean ez eskaintzea; eta, Azpeitiko Udaleko sail bateko helburuekin bat egitea.
Udalak aukeratzen dituen proiektuei, berriz, honakoa eskainiko die: ikastaroaren inguruko propaganda egingo du eta ikastaroa emateko lokala utziko du Udalak. Horrez gain, ikastaroa emango duenarekin hitzarmen bat sinatuko du Udalak, «bertan bi aldeen betebeharrak jasoko dira».
Proposamena aurkezteko orduan, eskaera orria beteta eta proiektuari buruzko txostena eraman behar dira udaletxera. Txostenean gutxienez ikastaroaren helburua, edukiak, metodologia, iraupena, prezioa, nork emango duen (eskarmentua eta titulazioa azaltzeko agiriak) eta nori zuzendua dagoen azaldu beharko dira. Aurreko ikasturtean jardun zutenek proposamena egin nahi badute, eskaera orria beteta nahikoa dute. Informazioa eskatzeko 943 157928 telefono zenbakira jo daiteke.