Atzo, igandea (irailak 2), jokatu zen Zestoako plazan Kintopekoen Euskadiko Harri-jasotze Txapelketa, hirugarren urtez txapela Jagoba Otaegi 19 urteko aizarnarrak irabazi du. 21 urtez azpiko lau harri-jasotzaile aritu ziren nor baino nor, Otaegiz gainera, Joseba Esnaola 18 urteko berrobiarra, Beñat Telleria 16 urteko urnietarra eta Mikel Lopetegi 15 urteko zarauztarra. Otaegik eta Telleriak, 49na jasoaldi egin zituzten, 4.900 kilo bizkarreratuz, baina aizarnarra 9 kilo gutxiago denez, txapela harentzako izan zen. Lehiaketa hasi aurretik Otaegik 74 kilo pasatu zituen eta Telleriak, berriz, 83 kilo. 100 kiloko kubikoarekin eta 100 kiloko zilindro zaharrarekin egin zuten lana, harri bakoitzarekin hiruna minutuko saio bakarrean.
Telleriak esku-eskura izan zuen txapela, izan ere, 100 kiloko kubikoarekin lanean ari zela, 19. jasoaldian harria bizkarrera jaso bai, baina gero atzera erori zitzaion eta jasoladia ustel izan zen. Balekoa izango balu 19 jasoaldi lortuko zituen, beste jasoaldi baterako denbora izanez.
Kintopeko Euskadiko harri-jasotze txapelketako azken urteotako markarik onena Aimar Irigoien errezildarrak du. 2006ko txapelketan 5.800 kilo bizkarreratu zituen Irigoienek.
Sailkapena:
1. Jagoba Otaegi: 49 jasoaldi, 4.900 kilo; 30 jasoaldi zilindro zaharrari eta 19 kuboari.
2. Beñat Telleria: 49 jasoaldi, 4.900 kilo; 31 jasoaldi zilindroari eta 18 kuboari.
3. Joseba Esnaola: 43 jasoaldi, 4.300 kilo; 28 jasoaldi zilindroari eta 15 kuboari.
4. Mikel Lopetegi: 39 jasoaldi, 3.900 kilo; 24 jasoaldi zilindroari eta 15 kuboari.
