Betiko moduan, Gurekin Jai Festa Batzordearen txosnagunea hara eta hona mugiarazten ari dira. Euskal Jaiero izan ohi den moduan, aurten ere, Arronan ipini nahi genituen txosnak, eta horretarako behar diren baimen eta eskari guztiak zintzo-zintzo eskatu genituen. Amaral superstar ospetsuaren ondoeza medio, kontzertua atzeratu egin dute, eta noiz jartzea otuko? Gure leku eta une berean!
Erabaki hori hartzeko garaian, guztiz kanpo utzi zuten Gurekin Jai; izan ere, megafoniako mezu bidez jaso genuen berria. Halaber, errugby taldeak Gurekin Jai batzordearekiko izandako begirune falta nabarmena izan da.
Argi geratu da alkatearentzat eta Turismo zinegotziarentzat herriko ergel handienak garena, batetik bestera mugi daitezkeenak. Alkateak bere lehentasunak argi azaldu ditu: diru mordoa mugitzen duen izugarrizko kontratuko kontzertua aurretik ipini du, eta izkina egin dio herriko hamaika eragilek osatzen dugun Gurekin Jai batzordearen programazioari.
Kontuak hala, Gurekin Jai batzordeak egoera ulertu eta beste lekuren batera mugitzea erabaki du, denon hobe beharrez. Gure toki naturala den (eta beti aldarrikatzen dugun) Munoa plazara ere ezin genuen bueltatu antzerkiarekiko eta dantzari txikiekiko errespetuz. Hala, DYAko gunean kokatzea beste aukerarik ez dugu izan. Argi azaldu nahi diegu bizilagunei, gure lehen aukera Arrona dela, eta guk gure esku dagoena egingo dugula denok festak egokien pasatu ahal izateko; baina guk ere ez dugu DYAn egon nahi!
Amaitzeko, argi eta garbi azaldu nahi dugu diruari men eginda antolaturiko makrokontzerturik ez dugula nahi herrian. Egiten dugun lanean sutsuki sinesten dugu, eta azken uneko leku aldaketak tarteko, oztopoak oztopo, jaiak herritik herriarentzat antolatzen jarraituko dugu.
Gurutze Ostolaza Amilibia, Gurekin Jai Festa Batzordearen izenean.