Zumaiarrek hitzordu berezia izango dute hurrengo asteazkenean, hilaren 15ean. Izan ere, emakumezkoen futboleko lehenengo mailako partida ikusteko aukera izango dute lehenengo aldiz herrian. Zumaiako Futbol Taldeko emakumezkoen futbol taldeak 25 urte bete ditu aurten, eta zilarreko ezteiak ospatzeko asmoz antolatu dute ekimena. Reala eta Rayo Vallecano taldeen arteko norgehiagoka izango da, eta talde gipuzkoarrak aurre denboraldiko estreineko partida izango du Zumaian. Gainera, Unai Gazpio entrenatzaileak gidatzen duen taldeak aurkari gogorra izango du aurrez aurre: izan ere, talde madrildarrak hiru aldiz irabazi du Emakumezkoen Liga, eta Erreginaren Koparen garaile ere izandakoa da, beste hainbat tituluren artean. Partida hau, gainera, gerorako baliagarri izango zaie taldeei, ligako lehen partidua ere bi taldeek jokatuko baitute.
Norgehiagoka Zumaiako Aita Mari futbol zelaian izango da, 11:30ean. Bertara joateko helduek bost eurotan izango dute sarrera, eta umeek, berriz, hiru eurotan.
Emakumezkoen Kopa
Azkoitian eta Azpeitian, berriz, Euskal Herriko Emakumezkoen II. Futbol Kopa jokatuko da abuztuan; hilaren 18an, Azkoitiko Txerloian finalaurdenak jokatuko dituzte Abanto eta Añorgak, 11:00etan, eta bertan irabazten duen taldeetako batek Azpeitian jokatuko du gero; izan ere, txapelketako finalerdia Garmendipen izango da abuztuaren 23an, 18:00etan. Euskal Herri Kirolak bigarren urtez antolatu du ekimena, eta Euskal Herriko talderik «onenak» hartzen dute parte, antolatzaileen esanetan. Donibane Garazin hasi zen txapelketa, eta finala Beasainen izango da, abuztuaren 26an.
Zumaiarrak Realean
Halaber, Realak Markos Calderon eta ReaUnai Agirre fitxatu ditu hurrengo denboraldirako, eta zumaiarrak Realeko lehenengo urteko kadeteekin arituko dira.