Zestoako V. Slaloma auto lasterkera abuztuaren 25ean jokatuko da Zestoako estazio zaharrean antolatuko duten ibilbidean. 14:00etatik 15:00etara bitartean izena emandako auto-gidarien agiriak eta autoak ziurtatuko dituzte, eta auto lasterketa 15:30ean hasiko da. Euskal Herriko Slalom txapelketarako puntuagarria da Zestoakoa.
Aurrena entrenamenduko bira emateko aukera izango dute parte-hartzaile guztiek, eta segidan bi txanda ofizial izango dituzte egiteko. Jaizkibel Eskuderiak antolatzen du lasterketa. «Orain dela bost urte auto lasterketetarako zaletasuna daukagun lagun talde bat elkartu eta Zestoan Slalom auto lasterketa antolatzen hasi ginen, eta aurrekontuari aurre egiteko aukera daukagun bitartean segitzeko asmoa dugu», dio Felix Astorkia antolatzaile taldekoak. Aurten, ordea, hauek ere diru kontuekin larri ibili direla azaldu du, «aurten nahiko larri ibili gara, baina azkenean lortu dugu antolatzea».
Izena hilaren 20ra arte
Zestoako auto lasterketan izena emateko aukera abuztuaren 1ean ireki zuten, eta hilaren 20ra bitartean izango da horretarako aukera. Izena, escuderiajaizkibel@yahoo.es helbidera idatzita eman behar da eta parte hartzeko 40 euro ordaindu behar ditu parte-hartzaile bakoitzak. Parte hartuko dutenen zerrendaren berri abuztuaren 22an emango dute.
Zestoako lasterketan bailarako auto gidari batzuk irteten dutela azaldu du Astorkiak, «bailarako dozenaren bat auto gidari beti izaten da bertan. Garai batean, Azpeiti aldeko dezente ere izaten zen parte-hartzaileen artean». Parte-hartzaileez gain, auto lasterketa ikustera ere jende asko joan ohi dela esan du antolatzaile taldekoak, «gazte asko etortzen da slaloma ikustera, eta jendeak emandako bultzadari esker urtero antolatzeko aukera izan dugu», gaineratu du.
