Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak futbol taldea denboraldi berria prestatzen hasita dago; dagoeneko hiru aste daramate denboraldi aurreko entrenamenduetan murgilduta. Entrenatzaile berriak ditu Azpeitiko futboleko gizonezkoen lehen taldeak: batetik, bigarren taldean jardundako Asier Olaizola getariarra. Bestetik, hari laguntzen, bigarren entrenatzaile lanetan Fernando Loiola elgoibartarra.
Entrenatzaile berriak izateaz gainera, jokalarien artean ere aurpegi berriak izango dira denboraldi honetan Azpeitiko futbol taldean. Esaterako, Julen Egaña, AitorArregi, Asier Goikoetxea eta Sebastian Rodriguez zarauztarrak, Javi Palacios eta Alex Iriondo donostiarrak, Aitor Zabala zestoarra eta Inazio Otaño azpeitiarra.
Julen Egaña Realean ibili da jubeniletan, han fitxa ez diote berritu eta orain Lagun Onakekin ari da. Realak utzitako jokalarien artean daude, berriz, Otaño eta Iriondo. Azpeitiarra jubenil mailako jokalaria da. Arregi aurreko denboraldian Getariako Ketan aritu zen. Goikoetxea, Zabala eta Rodriguez, berriz, Zarauzko lehen taldean jokatu zuten aurreko denboraldia. Talde gaztea izango da, baina tartean jokalari beteranoak ere izango dira.
Loiola, berria Lagun Onak-en
Aupegi berrietako bat Fernando Loiolarena da, taldeko bigarren entrenatzailearena. Ondo ezagutzen dituen bi talde izango ditu aurten aurkarien artean: Anaitasuna eta Elgoibar. Azken hiru urtetan Elgoibarko futbol klubeko kirol koordinatzailea izan da eta aurretik Anaitasunako gizonezkoen lehen taldea entrenatu zuen. «Azken hiru urteak Elgoibarren egin ditut kirol koordinatzaile bezala. Baina, Elgoibarko zuzendaritza aldatu eta nik Asier Olaizolaren eskaintza jaso nuen, Lagun Onakeko bigarren entrenatzaile izateko. Lehen Asierrekin bi urtez egona naiz Elgoibarren eta eskaintza onartu egin nuen, elkarren lana egiteko modua ezagutzen dugulako», dio Loiolak.
Osatu duten taldearekin gustura dago Loiola, «taldea gaztea da, baina tartean beteranoak ere badaude, eta nahaste polita dagoela uste dut. Materiala badago eta ikusi egin behar nola erreakzionatzen duten, batzuk jubenil mailakoak baitira».
Lagun Onakeko gizonezkoen bigarren taldearekin elkarlanean jarduteko asmoa dute lehen taldekoek. «Denboraldiko entrenamenduak egun berdinetan eta ordutegi berdinarekin egingo ditugu. Bi taldeen arteko lana beharrezkoa izango da, batzuk goiko taldearekin jokatuko baitute», azaldu du Loiolak. Ohorezko Erregional mailan jokatuko du bigarren taldeak, Jesus Mari Arakistain
Txisu zestoarrak zuzenduta.
Denboraldia abuztuaren 25-26ko asteburuan hasiko dute Hirugarren mailakoek. Lagun Onak-ek aurreneko partida etxetik kanpo jokatuko du Laudioren kontra. Ondoren, bigarren jardunaldia Garmendipen du Bermeoren aurka. Hirugarren partida, berriz, derbia du Anaitasuna aurkari duela. Jendea norgehiagoka hori jokatzeko gogoarekin dagoela dio Loiolak, «urte asko dira Lagun Onak eta Anaitasuna elkarren aurka aritu ez direla, eta partida berezia izango da nolanahi ere».