Orioko Udalaren udako agendaren barruan, Asier Kidam magoa izango da bihar Orioko plazan ostegunero haurrentzako ikuskizun zikloan. Asier Kidam Gasteizen jaio zen, 1984. urtean. 7 urte zituela hasi zen magiarekin interesatzen, mago batek txanpon bat atera zionean belarritik; hiru urte geroago debutatu zuen mago gisa. Geroztik, izugarri gozatu du eszenatoki gainean egin dituen 2.000tik gora emanaldietan.
Kidamek eskarmentu handia dauka magia profesionalean. Espainiako telebista-kateetan lan egin du, baita ETBn ere, eta antzokietan, kultur etxeetan, instituzioetan, hezkuntza-zentroetan… Iluntzeko 19:30ean hasiko da Txintxin magikoa izeneko emanaldia. Magia dotore eta ikusgarria eginez, Asierrek bere azken sormen-lanak erakutsiko dizkigu famili giroan gozatzeko moduko ikuskizun original eta dibertigarrian. Mirari harrigarriak ikusiko ditugu gertu-gertutik, umore-ukitu fin batek apainduak eta eszenaratze zainduaren laguntzaz. Iratxo jostalariak, ur bat-batean izoztua…, baita magia egiten duen panpina bat ere.
Beraz, ez galdu magiaren liluraz ordubetez disfrutatzeko aukera.