Aurtengo uda amaierarako ere Orioko dendari, ostalari eta profesionalen Arkupe elkarteak Orioko Stock Azoka antolatuko du Orioko Udalaren laguntzarekin. Hitzordua abuztuaren 25ean eta 26an izango da eta aurtengoan berrikuntza moduan azokaren kokalekua aldatuko dute.
Herriko plazan Stock Azoka
Arkupe elkarteko kide Arantxa Saizarrek azaldu duenez, aurtengoan azokaren kokalekua aldatzea erabaki dute; Ikastola aurreko plazan egin beharrean, herriko plazan jarriko baitute azoka. Izan ere, aurtengoan stock azokak Orioko estropadekin bat etorriko ez denez, Arkupe elkarteak eta udalak azoka indartu nahi izan dute, postuak herriko plazan jarriz. «Uste dugu plaza inguruan herriko gainontzeko eremuetan baino jende gehiago biltzen dela, eta horregatik erabaki dugu gunez aldatzea. Ikastola aurrean egiten zenean, jendeak azoka zegoela jakin behar izaten zuen bertara hurbiltzeko, eta plazan eginez gero, berriz, jendea eremu horretan ibiltzeko ohitura gehiago duenez, errazagoa da herritarrak bertara hurbiltzea».
Azoka abuztuaren 25ean eta 26an, 10:00etatik 20:00etara izango da zabalik.
20 postu herriko plazan
Bestalde, eskaintzari dagokionean aurreko urteekin alderatuz ez da aldaketa gehiegirik izango. Denera 20 postu jarriko dituzte, eta horietan mota askotako erosketak egiteko aukera izango dute herritarrek. Gainera, azokako giroa alaitzeko umeentzat puzgarriak eta Xabi Arostegi DJ oriotarraren saioa ere izango da azokan. «Gurasoek erosketak egiten dituzten bitartean, haurrek puzgarrietan jolasteko aukera izango dute. Gainera, uste dugu Arostegik giro polita jarriko duela plaza inguruan».
Eskaintzak eta prezio «onak»
Aurreko edizioetan bezala eskaintza bereziak eta prezio «onak» izango dira Stock Azokako protagonista. Itziar Oliden arropa dendariak hala adierazi du: «Aurreko urteetan bezal,a eskaintza bereziak jartzen saiatuko gara. Prezio onak izatea oso garrantzitsua da kasu honetan; hori lortuz gero, jendea azokara etorri eta erosi ere egiten baitu. Aitortu behar dugu, aurreko edizioetan Stock Azokak TKE Ligako estropadarekin bat etorri dela, eta arraun hitzorduak kanpoko jende askok ekartzen zuela herrira. Aurten lehel aldiz ez da estropadarik izango, baina oriotarrez gain inguruko herrietako jendea hurbiltzea ere nahiko genuke».
Bisitari gutxiago
Azken urteetan herrialdea bizitzen ari den krisi ekonomikoak nabarmen eragin die Orioko merkatariei. «Herritarrek gutxiago gastatzen dutela antzematen dugu. Horretaz gain, uda garaian herrira etortzen diren bisitariek ez dute Orion kontsumitzeko ohiturarik. Aurreko urteetan baino bisitari gutxiago dabilela nabaritu dugu, eta etortzen direnak hondartza ingurura joaten dira», azaldu du Saizarrek.