Aiako Elkano eta Urdaneta auzoei buruzko argazki azpimarragarrienarentzat izango da Aiako VII. Argazki Lehiaketako saria. Horixe da aurtengo lehiaketan jorratu beharreko gai nagusia; Elkano eta Urdaneta auzoko pertsonak, etxeak, paisaia eta txokoan izango dira besteak beste inspirazio iturri. Beraz, egitasmoan parte hartzeko asmoa dutenek, kamera prestatu eta argazkiak atera ditzazkete opor garaian.
Pertsonako lau argazki
Parte-hartzaile bakoitzak gehienez 4 argazki aurkez ditzake lehiaketara, koloretan edo zuri-beltzean. Argazkiek 2011n edo 2012an ateratakoak izan beharko dute, ez baitituzte onartuko lehenago egindako argazkiak, ezta lehendik argitaratutako edota lehiaketetara aurkeztutakoak ere. Irudiak argazkietako paperean aurkeztu behar dira, 30x20 zentimetrotako neurrian eta formatu horizontalean. Argazki digitala izanez gero, CD batean ere aurkeztu beharko dute egileek; gutxienez, 250ppp erresoluzioan.
Argazkiak gutunazal itxi batean aurkeztu behar dira eta bere barnean parte-hartzailearen izen-abizenak, harremanetarako telefono zenbakia eta helbidea elektronikoa ipini beharko dira, baita lehiaketara aurkeztutako argazkiaren izenburua eta berau ateratako data ere.
Sei sari
Bi taldetan banatuko dute lehiaketa: bata, Aian erroldaturikoei zuzendua eta bestea, erroldatu gabekoi zuzendua. Sariak kopuru berdinekoak izango dira eta pertsona batek ezingo du sari bat baino gehiago jaso: irabazleak 180 euro jasoko ditu; bigarren sarituak, 150 euro; eta hirugarrenak, 100 euro. Sarituak izan ez diren parte-hartzaile guztien artean Aiako produktuez osaturiko saski bat zozkatuko dute.
Argazkigintzan adituak diren pertsonek eta Aiako Udaleko ordezkariek osatuko dute epaimahaia, eta lantalde honek erabakiko du zein diren aurtengo argazki onenak.
Lehiaketara aurkezturiko argazki guztiekin erakusketa bat zabalduko dute Kultur Etxean, 2013ko egutegia egiteko irudiak aukeratzeko.