Udalak oriotarren birziklatze ohiturak ezagutu nahi ditu, galdetegi baten bidez

Urola Kostako Hitza 2012ko abuztuaren 8a

Hondakinen gaiak eztadabaida sortzen ari da Gipuzkoako herri askotako politikoen artean, baita herritarren artean ere. Zenbaitek ezinbestekoa ikusten dute hondakinak gaika biltzea oinarrian duen kudeaketa martxan jartzea; besteentzat, berriz, herritarrei zaborra jaisteko egun eta ordu jakin bat jartzea inposizioa da. Oriotarren artean ere desadostasunak badaude gai horren inguruan eta horregatik Orioko Udalak galdetegi bat banatu du herritarren artean, oriotarrek hondakin organikoak birziklatzerako orduan dituzten ohiturak ezagutzeko. Besteak beste, herritarrek hondakinak gaika bereizteko ohiturarik baduten, konposta egiteko prest izango liratekeen edota konposta egiten ikasteko ikastaroa egingo luketen jakin nahi du Orioko Udalak. Irailaren 1a baino lehenago Hondakinen inguruko galdetegia, herriko etxe guztietara banatu dute eta herritarrek irailaren 1a baino lehen bete eta entregatu beharko dute euren iritzia kontuta hartu dadin. Galdetegia udaletxeko iradokizunen buzoian utzi edo posta elektronikoz bidali dezakete herritarrek, bulegoak@oriokoudala.com helbidera. Etxetik abiatutako aldaketa Hondakinen kudeaketaren inguruko galdetegia herritarrei pasatzea Orioko Udalak sortu duen Hondakinen Mahaiaren proposamena izan da. Batzorde horretan parte hartzen dute Udalbatza osatzen duten Bildu, EAJ eta Orain udal taldeek eta Orioko Zero Zabor taldeak. Orioko Udaleko Hondakinen Mahaia hondakinen kudeaketaren gaia aztertzeko ahalegin berezia egiten ari da. «Gaur egun zaborra arazo larrienetako bat dela ohartu eta arazo horri konponbidea emateko konpromisoa hartu behar dugu. Norbere etxetik hasi eta erakundeetaraino. Guztiok dugu gehiago egiteke bide honetan» adierazi dute Orioko Udaleko Hondakinen Mahaiko kideek etxe guztietara iritsi den adierazpenean. Hondakinak murriztea asmoa Orioko Udaleko Hondakinen Mahaiaren iritziz kudeaketa egoki batek bilketaz haratago joatea eskatzen du. «Gutxiago sortu eta gehiago berrerabili eta birziklatu behar dugu, egun Orioko birziklatze tasa ez baita %30era iristen. Testuinguru horretan kontzientziazioa izango da lehendabizi landu beharrekoa».Horretaz gain, uste dute murrizketaren inguruan ere badagoela zer eginik. «Martxan da herriko harategi eta arrandegietan paperaren ordez tuperwareak erabiltzeko egitasmoa. Gaonera, gure eguneroko erosketetan hondakin gutxiago nola sortu jakiteko herritarrei pistak emateko kanpaina bat abian jartzea da gure asmoa».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide