Londresko Olinpiar Jokoetako esperientzia amaituta, etxean da Oiana Blanco (Orio, 1983) judoka oriotarra. Larunbatean herrian egin zioten ongi-etorria eta Olinpoar Jokoetako esperientzia izan ditu hizpide kirolariak.
Sorpresaz harrapatu al zintuen larunbateko ongi-etorriak?
Ez nuen horrelako ongi-etorririk espero. Banekien etxekoak eta lagunak hor izango zirena, horrelakoetan beti izaten direlako, baina herritarrek egin zidaten harrera benetan hunkigarria izan zen. Eskerrak eman nahi dizkiet, ongi-etorria antolatzen aritu diren guztiei, baita larunbatean plazan bildu ziren oriotar guztiei ere.
Olipiar Jokoetako esperientzia borobildu al zuen ongi-etorriak?
Emaitza onak lortzen direnean jendea gehiago gogoratzen da kirolariez. Horregatik, harrigarria eta pozgarria da emaitzak laguntzen ez dutenean ere modu horretako harrera egitea.
Txapelketari dagokionean, nola baloratzen duzu egindako lana?
Oso gustura lehiatu nintzen. Tomoko Fukumi judoka japoniarraren aurka jokatu ditudan lehietatik onena Olinpiar Jokoetan egindakoa izan da. Emaitzarekin ez nintzen gustura geratu, nire maila zein zen frogatzeko aukerarik ez bainuen izan. Araudiak dio lehen borrokaldia galtzen bada judoka hori txapelketatik at geratzen dela, eta hori gertatu zitzaidan. Pena handia eman zidan, baina hasieratik nekien hori gerta zitekeela. Domina lortzea zen nire helburua, eta argi nuen horretarako lasai borroka egin behar nuela; esperientziaz gozatuz, alegia.
Dominarik ez lortu arren, Olinpiar Jokoetara iristea ere kirolari batentzat garrantzitsua izango da, ezta?
Askotan zerbait lortzen denean ahaztu egiten zaigu hori lortu ahal izateko egin den lan guztia. Ez bada lortzen, berriz, balore handia ematen zaio. Lehen borrokaldia galdu nuenean, taldekideekin gai horri buruz hitz egiten aritu nintzen. Emaitza ona lortzea buruan dugunean ahaztu egiten zaigula Olinpiar Jokoetara iristeko egindako guztia genion; hori lortzeko bidea luzea eta sailkapena gogorra izan direla. Garrantzitsua da hori gogoan izatea.
Txapelketaz gain, zer moduzkoa izan da Olinpiar Jokoetan bizitako esperientzia?
Nik neuk ez nekien hiri olinpikoko giroa nolakoa izango zen, Olinpiar Jokoetan aurretik izan ziren taldekideek komentatzen zidaten bizi egin behar dela zer den jakiteko. Egia esan, beste mundu bat dela iruditu zitzaidan. Herrialde askotako kirolari guztiak kiri olinpikoan bizi ginen. Espainiako selekzio osoa etxe batean dago, eta etxe hori apartamenduetan banatuta dago; judo taldeak, esaterako, apartamendu bat genuen. Horretaz gain, nabarmentzekoa da hiri olinpikoan bizi ginen jende guztiak kirolarekiko maitasuna eta dedikazioa partekatzen genuela, eta horrek elkartasun giroa sortzen zuen. Kirolarion egunerokoa ez da herritar guztiena bezalakoa, asko entrenatu behar izaten gara, eta gainontzekoek jai egunak edo oporrak dituztenean guk txapelketak izaten ditugu. Hiri Olinpikoan, berriz, denok egoera berean geunden. Esfortzu eta ahalegin handia egin ondoren iritsi gara Olinpiar Jokoetara, eta, horregatik, besteek ulertzen zaituztela sentitzen duzu bertan.
Gainontzeko kirolak ikusteko aukerarik izan al duzu?
Hainbat kirol ikusteko aukera izan dugu: water-poloa, hondartzako boleibola eta tenisa besteak beste. Maialen Chourrauten ur bizietako eslalomeko finala ere bertatik bertara ikusi nuen. Lehendik ezagutzen dut Chourraut, eta finalaren aurretik goiz horretan bertan berarekin berriketan aritu ginen. Horregatik, Chourrauten txapelketa gainontzekoak baino gertuago bizi nuen.