Urtebete da Urrestillako Ibaieder ibaian uholdeak saihesteko eta saneamendua hobetzeko lanak hasi zituztela. Iazko uztailean eman zuen lanak hasteko agindua Uraren Euskal Agentziak, eta Construcciones Moyua SL enpresa ari da lanean. Proiektuan aurreikusitako oinezkoentzako bi zubietatik lehena jarri berri dute Ibaieder gainean. Urrestillako umeen jolas-parkea eta Txorietxeko eremua lotzen ditu.
Ibaieder ibaiaren inguruan eta Urrestillan egiten ari diren lan hauek hiru milioi euro pasako aurrekontua dute. Bi helbururekin egiten ari dira. Batetik, Urrestillako herri-gunea uholde arriskutik babestea, eta, bestetik, kolektore baten bidez hondakin urak biltzea; ur garbiak eta zikinak bereiztuz. Izan ere, lanak hasi aurretik hondakin urak zuzenean Ibaieder ibaira isurtzen zuten.
Orain urtebete Urrestillako Txandrameneko soroan hasi zituzten lanak. Herrigunea uholdetik babesteko lanen baitan, erabiltzen ez zen presa txiki bat eta bi zubi eraitsi zituzten. «Hoiek ur emaria hustutzeko ahalmena oztopatzen zuten. Izan ere, euri jasa nabarmena zenean eta ibaiak emari garrantzitsua zekarrenean, uholdeak izatea arriskua nabarmena zen», azaldu dute Euskal Uraren Agentziatik. Lanak eiten hasi aurretik, Urrestillako herrigunea «uholde arriskuko gune» bezala zegoen izendatuta Euskal Autonomia Erkidegoko Ibaiertzen eta Erreken Arloko Planean.
Obrak hasi zituztenean eraitsi zituzten bi zubi zaharrak beste azpiegitura berri batzuekin ordezkartuko dituztela azaldu dute lanen arduradunek. Alde batetik, ibilgailuentzako zubi berri bat eraikiko dute, eta bestaldetik oinezkoentzako bi pasabide berri egingo dituzte, «altuagoak eta zabalagoak izango direnak». Dagoeneko oinezkoentzako zubi berri baten egitura jarri dute Urrestillan.
400 metroan ibaia zabalduta
Azpiegitura horiez gainera, ibai 400 metrotan zabaldu egin dute, eta eskuin ertzean horma berria eraiki dute, «ingenieritza naturalistikoan oinarritutako teknikekin».
Ur garbiak eta zikinak bereiztuta biltzeko lanak ere egiten ari dira, Urrestillatik hasi eta Landetako Antzibarrena industrialdea bitartean. Hala, hondakin urak zuzenean ibaira bota beharrean, bildu eta Lasaoko araztegira bideratuko dituzte. «Kolektore honek hondakin ur guztiak jasoko ditu bere ibilbidean zehar, bai industri guneetakoak eta baita etxebizitzetatik datozenak ere», azaldu dute.
Ibaiedeko lanak hasi zituztenean hamabost hilabeteren buruan egitea aurreikusi zuten Uraren Euskal Agentziakoek, horren arabera datorren urrirako bukatuta egon beharko lukete.