Giro aparta izan zuten Aiako olinpiadetan

Karkara.eus 2012ko abuztuaren 6a

Antolatzaileak oso gustura daude jendeak izandako erantzunarekin

Larunbatean, abuztuaren 4a, lehenengo aldiz Aiako olinpiada eguna izan zen herriko gazteek antolatuta. Koadrila asko bildu ziren festara eta horietako asko mozorrotu egin ziren. Errugbi...

Antolatzaileak oso gustura daude jendeak izandako erantzunarekin

Larunbatean, abuztuaren 4a, lehenengo aldiz Aiako olinpiada eguna izan zen herriko gazteek antolatuta. Koadrila asko bildu ziren festara eta horietako asko mozorrotu egin ziren. Errugbi jokalariak, dantzariak, korrikalariak, saskibaloi jokalariak, pilotariak, tenislariak… denetarik izan zen Aiako desfilean.


Bazkaltzeko garaian,180 lagun elkartu ziren frontoian, 12 urteko gaztetxoetatik hasi eta 70 urtera arteko edadetuetaraino zabaldu zen adin tartea. Guztira 18 paella aurkeztu ziren lehiaketara, eta epaimahaiak horietatik, originalena, onena eta txarrena aukeratu zituzten.

Antolatzaileak pozik agertu dira jendearen jarrerarekin: Lehenengo aldia izateko, jendea ikaragarri ondo portatu zen, bakoitzak bere gauzak moldatu zituen; edaria behar zenean altxa eta hartu egiten zuten zerbitzatzeko zain egon gabe; eta mahaiak jasotzeko eta zaborra botatzeko lana ere beren gain hartu zuten. Guztia primeran egin zuten eta denon artean egin genuen lana.

Bazkalondoren, herriko plazan jokoak egin zituztena eta, zaharrenak kenduta, koadrila guztiek hartu zuten parte. Plaza bete-beteta egon zen eta giro paregabean. Olinpiaden ondoren, Kukulu batukada taldea ibili zen tabernaz taberna jiran jende asko zuela. Taldea tabernetara sartzen zen eta bai jendeak eta bai tabernariek atseginez hartzen zuten hori. Bukatzeko, gauean egin zen festan ere jende mordoxka elkartu zen parrandara.


Antolatzaileak eta tabernariak pozik daude festak izandako erantzunarekin, tabernariek antolatzaileei zoriondu egin ziguten, eguna primeran atera zelako eta jende asko ibili zelako; oso gustura geratu dira herriko gazteek antolatu duten festarekin. Guk ere eskerrak eman nahi dizkiegu tabernariei festa hau aurrera ateratzeko eman duten laguntzagatik. Baina baita festara bertaratu zen guztiari ere, esan dute antolatzaileek.

Orain, sandonato eta sanlorentzoen txanda da. Gaurtik hasi eta ostiralera arte festa da nagusi Aian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide