Mutur batetik bestera, itsasoz

Aritz Mutiozabal 2012ko abuztuaren 7a

«Duela zazpi urte Jeronimo Esnal zarauztarrak Gibraltargo itsasartea zeharkatu zuen, eta hari laguntzera joan nintzen. Tarifatik ez zen Maroko ikusi ere egiten, eta izugarria iruditu zitzaidan. Hala ere, egunen batean nik ere egin behar nuela pentsatu nuen, oso erronka polita iruditu baizitzaidan». Urte honen hasieran, «aurten izango da» erabaki, eta  itsas zeharkaldia prestatzen hasi zen Cristobal Rochas. Egun handia datorren astean izango da, eta ilusioz gainezka dago. Iñaki Garcia donostiarrarekin batera murgildu da abenturan igerilari zarauztarra. Biak ala biak itsas zeharkaldietan aritzen dira, eta hainbat trabesia propio egin dute: Zumaia-Zarautz eta Getaria-Orio, besteak beste. Gibraltargo itsasartea gainditzea, ordea, hitz potoloak dira, eta horretarako gogor entrenatu dira. «Lau hilabete daramagu bizi-bizi prestatzen. Egunero or­du eta erdi egiten dugu igerilekuan, eta igandetan hiruzpalau ordu egiten ditugu itsasoan. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia lau aldiz jarraian ere egin dugu, esaterako. Beraz, ongi trebatuta gaudela esango nuke», nabarmendu du igerilari zarauztarrak. Izan ere, «diesel igerilariak gara; hau da, orduak eman ditzakegu igerian». Tarifako farotik abiatuko dira, baina ez dakite zehatz-mehatz non helmugaratuko diren. «Korronteek eramaten gaituzten tokian lur hartuko dugu. Tangerretik Ceuta arteko kostaldean izan daiteke. Edozein tokitan eta edozein modutan izanda ere, helburua Marokora iristea da. Hori da gure erronka». Korronteen aurka Ibilbidea 18 eta [...]

Cristobal Rochas igerilari zarauztarrak Tarifatik (Espainia) Marokora egingo du igerian (Argazkilaria: Aritz Mutiozabal)

«Duela zazpi urte Jeronimo Esnal zarauztarrak Gibraltargo itsasartea zeharkatu zuen, eta hari laguntzera joan nintzen. Tarifatik ez zen Maroko ikusi ere egiten, eta izugarria iruditu zitzaidan. Hala ere, egunen batean nik ere egin behar nuela pentsatu nuen, oso erronka polita iruditu baizitzaidan». Urte honen hasieran, «aurten izango da» erabaki, eta  itsas zeharkaldia prestatzen hasi zen Cristobal Rochas. Egun handia datorren astean izango da, eta ilusioz gainezka dago.

Iñaki Garcia donostiarrarekin batera murgildu da abenturan igerilari zarauztarra. Biak ala biak itsas zeharkaldietan aritzen dira, eta hainbat trabesia propio egin dute: Zumaia-Zarautz eta Getaria-Orio, besteak beste. Gibraltargo itsasartea gainditzea, ordea, hitz potoloak dira, eta horretarako gogor entrenatu dira. «Lau hilabete daramagu bizi-bizi prestatzen. Egunero or­du eta erdi egiten dugu igerilekuan, eta igandetan hiruzpalau ordu egiten ditugu itsasoan. Getaria-Zarautz itsas zeharkaldia lau aldiz jarraian ere egin dugu, esaterako. Beraz, ongi trebatuta gaudela esango nuke», nabarmendu du igerilari zarauztarrak. Izan ere, «diesel igerilariak gara; hau da, orduak eman ditzakegu igerian».

Tarifako farotik abiatuko dira, baina ez dakite zehatz-mehatz non helmugaratuko diren. «Korronteek eramaten gaituzten tokian lur hartuko dugu. Tangerretik Ceuta arteko kostaldean izan daiteke. Edozein tokitan eta edozein modutan izanda ere, helburua Marokora iristea da. Hori da gure erronka».

Korronteen aurka
Ibilbidea 18 eta 21 kilometro artekoa izango dela aurreratu du igerilari zarauztarrak, nahiz eta itsasarteak lerro zuzenean 15 kilometro izan. «Ezinezkoa da zuzen zeharkatzea. Marokora iristeko L edo parabola itxurako ibilbidea egingo dugu; hau da, Ta­rifatik ozeano Atlantikorantz joko dugu, eta itsasartearen erdialdean Marokora begira jarriko gara, korronteen laguntzaz ailegatzeko».

Rochasen aurreikuspenen arabera, 4 ordu eta erdi eta 5 ordu artean osatuko du, baina denbora gehiago ere izan daitekela. «Korronteen eraginez, itsasoaren egoera gaizki jar daitekela eta sei orduz uretan egon gaitezkela pentsatuz joan behar dugu. Baina guztia ongi aterako den konfiatza dugu».

Korronteen kontua ez da «txorakeria». Gutxienez ere orduko 3.000 metroko abiadura eraman behar dute ibilbide osoan: «Bestela jai dugu. Abiadura mantsoagoan baldin bagoaz, korronteek Marokoko kostaldetik urrutiratuko gaituzte». Zailtasunak zailtasun, helburua betetzeko gai ikusten du bere burua. «Niretzako sekulako erronka da, nire Everest partikularra. Oso motibatuta nago, eta ekimenaz gozatu nahi dut».

Korronteez gain, denetariko fauna dago Gibraltarreko itsasartean. Hori horrela, «uretako betaurreko beltzak eramango ditut, ahalik eta gutxien ikus­teko», dio erdi-txantxetan. Era berean, igeriketa neoprenozko jantzia eramango du soinean, uraren tenperatura 18 gradukoa delako.

Kontrolpean
Antolakuntzak zehaztuko die zein egunetan itsasoratuko diren itsasartea zeharkatzera. Abuztuaren 14a edo 15a izan daiteke egun seinalatua, baina oraindik ez dakite ziur, baldintza klimatologikoen baitan egongo baita azken erabakia. Rochasi hilaren 15a izatea gustatuko litzaioke, Ama Birjin Eguna delako. Irteera 07:00­etan edo 08:00etan egingo dute; betiere, itsasaldiaren arabera.

Gibraltarreko itsasartearen ezin da norbere kabuz zeharkatu igerian. Horretarako bereziki arduratzen den ACNEG elkartearen ardurapean egin behar da; hauek antolatzen duten balentria egin nahi dutenen egitaraua. «Bi ontzi izango ditugu uneoro alboan. Horietako batean, nire seme Jaime joango da, beharrezko izango dugun laguntza eta hornidura ematen. Beste ontzian, berriz, epailea joango da, itsas zeharkaldia behar bezala egin dugula ziurtatzera. Berekin batera, sendagile bat ere joango da».

Alegia, dena ongi lotuta egoten dela igerian hasi aurretik. «Itsas trafiko ikaragarria dago itsasarte horretan. Ondorioz, baimenak behar dituzu, eta egun horretan ontziekin pasatzen direnei beren radarretan agertu behar zaie bi igerilari dabiltzala koordenada jakin horietan». Beraz, «ez da hemen bezala, edozein momentutan itsasoratu eta Getariatik Zarautzera igerian etor zaiztekela. Guztia ongi prestatuta eta kontrolatuta dago».

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide